Urtebete da Hendaiako Herriko Etxea ANVITA Frantziako Harrera Herrien Elkartean dela, eta mugak, migrazioak, errefuxiatuek eta asiloak dituzten berezitasun legal eta elkartasun erronkei buruz hausnartzen eta informatzen ibili ziren hainbat aditu, ikerlari eta hautetsi joan den aste bukaeran Hendaiako Gaztelu Aretoan.
Eztabaiden erdigunean, bertzeak bertze, iaz Europar Batasunak onartutako Asilo eta Migrazio hitzarmena. Ursula Von der Leyenek sustaturiko legea 2026an sartuko da martxan, eta Batasunaren kanpo mugetan migratzaileak “filtratzea” ahalbidetuko du, erretentzio zentro masiboak, estatistikak eta Batasunaz kanpoko herrialdeekin kolaborazioa baliatuz.
Gainera, estatu bakoitzak urtean aztertuko dituen asilo eskaera kopuru bat finkatzeko aukera izanen du, eta estaturen batek ez badu errefuxiaturik hartu nahi aski izanen du besteak diruz konpentsatzearekin. Asilo eskaerarik egin ez duten edo eskaera ukatu dieten migratzaileak Europar Batasunetik kanporatzea are errazagoa izanen da heldu den urtetik landa lege berriarekin.
Damien Carême ANVITAko lehendakari eta Frantzia Intsumituko eurodiputatuaren arabera, erakundeek migrazioak sortzen dituen “erronken heinean” behar lukete, baina ez dira: “Zoritxarrez, duela urtebete Europar kontseilu eta parlamentuan onartutako Asilo eta Migrazio hitzarmenak ez du arazoa konponduko, handituko du, bereziki tokiko erakunde, elkarte eta boluntarioentzat”.
2026ko ekainean aktibatzekoa da Migrazioari eta Asiloari buruzko Europar lege berria. Haatik, bertze aldaketarik ere izan da legedian, iazko maiatzean Schengen kodeak aldaketa batzuk izan baitzituen. Hauen ondorioz, orain arte segurtasun arrisku larri kasuetan estatu batek barne mugak sei hilabetez berrezartzen ahal bazituen, iaztik bi urtez itxi ditzake, eta urtebete gehiago berritu. Itxiera justifikatzeko arrazoi berriak ere onartzen ditu aldaketak, Damien Carêmek azaldu duenez, hala-nola “presio migratorioa” aipatzea, orain bi aste Bruno Retailleau Frantziako Barne Ministroak egin bezala.
Kotte Ezenarro Hendaiako auzapezak, bere aldetik, erakunde bezala usu ezjakintasun egoeran direla azaldu zuen. Herriko etxeek ez dakite haien herriko karriketan dauden trantsitoan diren migratzaileak nola lagundu, “legez zer egin dezaketen eta zer ez”. Auzapezak, bertzalde, Euskal Hirigune Elkargoaren bidez Baionako Pausa gunea sostengatzen dutela oroitarazi zuen. Anvita Harrera Herrien Elkarteak sei urte ditu, eta 88 tokiko erakunde biltzen ditu. Euskal Herrian bakarra da Hendaia, baina hiri handiak ere barnean dira, Paris, Marseila, Bordale edo Lyon adibidez.