Hendaian abenduaren 1ean martxan jarri eta martxoaren 31ra arte luzatu den “Hotz Plana” amaituta, balorazio garaia da. Plan honen helburua argia izan da: neguko hilabete gogorretan etxerik ez duten herritarrak babestea. Hendaiako Gizarte Ekintzarako Udal Zerbitzuak (GEUZ), Gurutze Gorriak, Txoko elkarteak eta Atherbea elkarteak elkarlanean gauzatu dute dispositiboa.
“Zentro berritu eta egokitu batean 12 leku eskaini ditugu, 8 gizonentzat eta 4 emakumeentzat”, azaldu digu Txomin Elizondo, GEUZeko zuzendariak. Hotz planak, 4 hilabetez zabaldu da. ” Okupazio tasa handia izan da: %93,3, eta guztira 79 pertsona igaro dira zentrotik ,28 emakume eta 51 gizon.
Nabarmendu beharrekoa da emakumeen presentzia ugaritu izana. “Aurten emakume gehiago hurbildu dira, eta horretan zentroaren egoera hobeak lagundu du: banakako gelak, espazio garbi eta lasaiak,” dio Elizondok. Gehienak egunez Baionan ibiltzen diren emakumeak izan dira. Adinari dagokionez, %10 gazteak ziren (18-25 urte) eta gainerakoen artean adin banaketa orekatuagoa izan da; hiru gizonek 65 urte baino gehiago zituzten.
Alta, egonaldien iraupena ez da luzea izan kasu gehienetan: %76a, alegia 60 lagun inguru, 15 gau baino gutxiago egon dira zentroan. “Askok atseden puntu gisa baliatu dute 'pasai-pausa', erran genezake,” azaltzen du. Dena den, bi pertsona egon dira 100 gau baino gehiago.
Etorkizunera begira, hainbat hobekuntza aipatzen ditu: “Bizikletentzako lekua, zigarro bilketa, osasun prebentzio neurriak eta elikadura kontuak hobeto jorratzea.” Halaber, zaintzaileei formakuntza labur bat eskaintzea negua hasi aurretik ere gomendagarria dela dio.