Konpentsazio legea urratuz, urte osoko alokatzaile bat bota eta Airbnb plataforman eman dute Zubi karrikako apartamentu txiki bat haren jabeak diren senar emazteek. Geroztik, Hendaiako kanping batean oihal etxe batean bizi da alokatzaile ohia, lau urteko neska baten aita. Haren salaketa jaso, eta mugagabeko okupazioa hasi du gaur goizean Alda mugimenduak Zubi karrikoako bederatzigarrenean dagoen apartamentuan. Salatu dutenez, sei hilabeteko alokairua bera legez kanpokoa zen, eta gainera ez diote alokatzaileari hastapenean ordaindutako bermea itzuli.
Alta, okupazioaren erdigunean konpentsazio legea eman dute orain, hots jabe batek etxe bat sasoiko alokairuan emateko, herri berean gisa bereko bertze etxe bat urte osoko alokairuan ematera behartzen duen legea. Gaëlle Vincens Aldako kideak adierazi duenez, etxea urte osoko alokairura itzuli ezean, bertan jarraituko dute militanteek.
Horrez gain, Aldako kideek Euskal Hirigune Elkargoari jakinarazi diote urteko alokairurako baimena zuen etxe bat sasoiko alokairuan merkaturatzen ari direla jabeak, eta Prefekturak martxan duen legez kanpoko kontratuen batzordean ere eman dute salaketa. Gaëlle Vincensek argi utzi du halako presio ekintzekin jarraituko dutela, Hendaiako kasu hau ez baita salbuespen bat, eta alokatzailearen perfila ere ohikoa dela, eta ohiko bideetatik etxe bat lortzen saiatu dela.
Etxea Airbnb plataformaren bidez gau baterako alokatuz sartu dira Aldako hogei bat kide goizean apartamendura, eta okupazioa haien eskaerak bete artean luzatuko dutela iragarri dute. Hala, bihar, arratseko 19:00tan herritarrak haiekin batera pote bat hartzera gonbidatu dituzte Hendaiako Zubi karrikako bederatzigarrenean, egoera gizarteratuz jabeen gain presio gehiago eragin nahian.
View this post on Instagram
Konpentsazio legea, ezbaian oraino
Hendaiako auzapez Kotte Ezenarro da konpentsazio legearen aurkari nagusietako bat. Joan den astean, TF1 telebista katean egindako adierazpenetan, konpentsazio legeak herriko etxearen diru sartzeak kolpatzen dituela, eta herriko merkatariak kaltetzen dituela erran zuen Ezenarrok. Aldako kideen hitzetan baina, urte osoko alokairuak du tokiko ekonomia sustatzen, baita eskolak eta bertzelako bizi lekuak indartzen ere. 2023ko martxoan jarri zuen Euskal Hirigune Elkargoak legea martxan, eta geroztik milaka apartamendu urte osoko alokairura itzuli dira, bereziki ikasle eta langile gazteei onura handia ekarriz.
Ezenarrok, gaur arratsalde hasieran prentsari igorritako ohar batean adierazi du "ekintza forma aldetik babestu ezin badu, fondoa ulertzen" duela. Alokatzaile ohiari "epe laburrenean" bilkura proposatu dio, eta Herriko Etxearen gizarte zerbitzuek proposamen bat eginen diotela iragarri.
Haatik, Aldak egindako kritika batzuei gogor erantzun die, eta konpentsazio legeak Hendaiako Herriko Etxearentzat eta merkatarientzat bere arabera dituen kalteak zerrendatu: egonaldi zergetan 170.000€ko galera, herriko saltokietan irabazien %25eko murrizketa eta lehen etxebizitza kopuruaren "hanpatze artifiziala", beste 200.000€ko diru sarreren apaltzea ondorio duena.