Richard Irazusta hendaiar abertzalea zendu zen atzo. Charcot eritasunak heriotzara eraman du 66 urte zituela. 2008az geroztik Kotte Ezenarro Hendaiako auzapez sozialistaren lehen axuanta zena, gaur egun Elkartasun, Etxebizitza eta Administrazio hautetsia zen Hendaiako herriko etxean. Ezenarrok sare sozialetan eta herriko etxeak plazaratutako oharrean Irazustaren «gizatasuna eta konpromiso soziala» nabarmendu dute.
Alderdi Sozialistako auzapezaren zerrendan sartu zen 2008an, baina hauteskunde horiek Battitte Salaberrik irabazi zituen. 2014an berriz ekin zion Irazustak, eta orduan gehiengoan sartu zen auzapezorde gisara, Hendaia Zuekin zerrendan.
Azken 17 urtetan udal talde sozialistarekin ibilia, baina abertzalea zen Irazusta, eta mugimendu politiko batean baino gehiagotan ibili zen. Ezkerreko Mugimendu Abertzalearen (EMA) sortzaileetarik bat izan zen. Talde horren izenean aurkeztu zen 1986ko eskualdeko hauteskundeetara. Gerora, Abertzaleen Batasuneko (AB) bozeramaile izan zen, eta Frantziako Asanblearako hauteskundeetara aurkeztu zen ABrekin 1988an, 1993an, 1995ean eta 1997an.
Andde Sainte-Marie, Abertzaleen Batasuneko zuzendari kide ohia, eta Richard Irazustaren lagunarekin hitz egin dugu. Abertzale gisa izan zein talde sozialistan ere, beti ikuspegi kritikoa izan zuela azaldu digu, baina «konpromiso sozialarekin koherentzia politikoa» mantendu duela.