Maiatzaren 31n, larunbata, ospatuko da Hendaiako Sagarno Eguna, Baleak elkarteak antolatuta, Errepublika plazan. Hitzordu honek euskal kultura eta sagardoaren tradizioa uztartuko ditu, 13 sagarnotegiren eta hainbat herri elkarteren parte-hartzearekin. Ana Erasun, Ion Alberdi eta Oihane Olaizolak ekimenaren xehetasunak eman dizkigute. Sagarnotegiak ez dira gutxi izango: RBLD Errebelde (Zizurkil), Iturrieta (Aramaio), Etxeberria (Astigarraga), Ordozelai (Oiartzun), Oialume (Astigarraga), Ola (Irun), Larraldea (Lekaroz), Kamino Berri (Biriatu), Antsoborlo (Hendaia), Gurutzeta (Astigarraga), Bidasoako Sagardozaleak (Biriatu), Linddurrenborda (Lesaka) eta Larre-gain (Hernani Ereñozu). Guztiek euren sagardoa eskainiko dute dastatzeko.
Bestalde, urtero bezala, herriko eragileen presentzia nabarmena izango da festa honetan. Baleak ez ezik, Bagera elkarte feminista, Entzun, Gure Ikastola, Bidasoa Etorkinekin, Udaleku, Enbata gaztetxea, LAB, Txiki-txoko, Hendaiakoop, Alda kolektiboa, Mintzaian eta Endaiarrak pilota elkartea bezalako elkarteek ere hartuko dute parte, kultur eskaintza eta animazioarekin. Bertan izango dira Maddalen Arzallus eta Sustrai Colina bertsolariak, eta arratsaldea animatuko dute trikipandero talde batek eta Zarpai Bandak.
Egitaraua:
• 17:30 – Txartelen eta edalontzien salmentaren hasiera
• 18:00 – Sagarno Egunaren irekitzea
◦ Bertsolariak: Maddalen Arzallus eta Sustrai Colina
• 18:00tik aurrera – Sagarno, pintxo eta talo dastaketa
• Arratsalde osoan zehar – Musika eta animazioa
◦ Trikipandero taldea
◦ Zarpai Banda