Hendaiako Gure Ikastolak urtero antolatzen duen Udaburua ospatuko dute gaur Gazteluzaharreko belardian. Akelarre eta Baleak elkarteekin batera, urteko gauarik laburrenean «euskal kultura eta errituei lotutako ohiturak haurrei transmititzeko» helburuarekin antolatzen dute urtero. Garai batean ez bezala, azken urteetan herriko etxeak agindutako araudia dela eta, sua txikitzen denean debekatuta dute suaren gainetik jauzi egitea. Baina udako solstizioarekin batera urteko oroitzapen txar guztiak uxatzeko usadioari lotuta, "Desioen Txokoa" antolatzen du ikastolak. Bertan haur eta helduek sutan erre eta uxatu nahi duten hori idatziz eman dezakete.
Gainerakoan, haurrentzako aurpegi margoketa, maskara tailerra, krakada, eta Akelarre elkarteko euskal dantzak izango dira Gaztelu Zaharra pilotaleku aldameneko zelaian. Baleak elkarteak ere parte hartuko du taloak eginez. Antolatzaileek argitu dutenez, 18:00etan hasiko dira bertan antolatutako ekintzak, baina sua 20:00etan piztuko dute.