Hendaiako herriko plazaren berritzearen ondotik, Bixintxo eliza da hurrengoa

Antxeta Irratia 2025ko eka. 25a, 14:12

Hendaiako Bixintxo eliza berritzeko obrak urrian abiatuko dituzte. Monumentu historiko honen azken zaharberritzea 1986an egin zuten, eta orain, kanpoko zein barneko lanak aurreikusten dituzte: altzarien berritzea, berogailu sistema deskarbonizatzea eta beste hainbat egokitzapen. Proiektuaren milioi eurotik 120.000 finantzatzeko helburuarekin, dohaintza kanpaina bat abiatuko dute Herriko Etxeak eta Ondarearen Fundazioak «eliza herriarena izanik, guztion artean berritzeko».

Hendaiako hiri-barneko Bixintxo eliza berritzeko diru bilketa kanpaina bat abiatu du Hendaiako Herriko Etxeak Ondarearen Fundazioarekin batera. «Eliza herriarena izanik, guztion artean berritzeko» xedea dute, eta www.fondation-patrimoine.org atarian antolatu dute kanpaina. Proiektuaren aurrekontu osoa 1.045.605 eurokoa izango da, eta herritarren dohaintzari esker 120.000 euro biltzea aurreikusten dute. Agintariek gogoratu dutenez, ekarpen guztiak errenta aitorpena egiterakoan kenkariak izango dira, ordaindu beharreko inposen apaltzeko baliagarriak beraz. 

Herriko ordezkariek nabarmendu dutenez, elizaren berritzearekin, Hendaiako kultura dinamizatuko da ere, hainbat kontzertu eta erakusketa antolatu ohi baitira bertan.  XVII. mendean eraikitako elizak Hendaiako historiaren lekukoa izan da, eta besteak beste, 1659 urteko Pirinioetako Hitzarmenaren plaka oroigarria edota erdi aroko astrologia motiboak dituen kanpoaldeko gurutzea bisitari askoren erreklamu dira. Aldiz, eraikuntzak narriadura seinale larriak dauzka; hezetasunak, pitzadurak, egurrezko egitura hunkituak eta abar... 

Hortaz, plazaren berritzearen ondotik, eliza zaharberritzeko obrak 2025eko urrian abiatuko dira. Monumentu historiko sailkatua den eliza honek azken zaharberritzea 1986an izan zuen eta orain, kanpoko zein barneko lanak aurreikusten dira. Garaian egindako berritzeak hainbat arazo ekarri baititu geroztik. Besteak beste, paretak hormigoizkoak dira, eta horrek hezetasuna hormetatik irtetea blokatzen du. Horregatik, kaltzioz ordezkatuko dira, paretek arnastu dezaten. Hortaz gain, altzarien eta barneko egurrezko egituren berritzea aurreikusia da ere. Baita gasazko berogailu zentrala ordezkatzea ere, sistema elektriko berriago batekin.

Bestalde, Baionan egin den bezala, usoen proliferazioa murrizteko falkoientzako habiak aurreikusi dituzte. Proiektua belaunaldi berrientzat eta etorkizunerako eramaten dutela diote sustatzaileek.