Hendaia Biltzenek bere arrangura adierazi du berriz 40.000 metro koadro duen Moleres lur eremuaren etorkizunarekin. Asteazken honetako Herriko Kontseiluan proiektuari buruz galdegin dio Kotte Ezenarro auzapezari. Izan ere, herriko etxeak bertan 250 etxebizitza eraikitzeko proiektu zehaztua dauka mahai gainean, baina oposizioko talde abertzaleak hortaz galdetu behar izan du argitasunak jasotzeko.
Legarraldeko lurrekin batera, Hendaian eraiki gabe geratzen den lau hektareako azken berdegune zabal honekin kezkaturik azaldu da 2020ko herriko bozen aurretik Hendaia Biltzen taldea. Eta azken hauteskunde kanpainan Kotte Ezenarro auzapezak eremu hau laborantzarako lurretan kalifikatzeko konpromisoa hartu zuen abertzaleekin. «Bigarren itzulian elkarrizketak izan genituen eta idatziz hartu zuen konpromisoa, eta jendeak horren alde bozkatu zuen, baina desengaiamendu eta faltsukeria handia izan da», salatzen du Laetitia Navarron abertzaleen bozeramaileak. Izan ere, 250 etxebizitza eraikitzeko proiektua errealitate bat da egun, eta «obrak oraino hasi ez direnez, saiatuko gira gelditzen, baina etsituak gaude», dio Hendaia Biltzeneko ordezkariak eremu horren garrantzia nabarmenduz, «Moleres eremua baserri bat zen, baziren behiak, baziren landareak eta badira oraindik, garrantzitsua da lurrak atxikitzea eta Hendaian toki berezi batean kokatua dago, azken birika da».
Hortaz gain, proiektua ez da jasangarria bere ustetan. «250 etxebizitza aipatzen direlarik, segur 500 auto gehiago ibiliko direla, eta bideak ez daude egokituak horretarako. Auzoaren bizia irauliko du eta ongizate galtze handi bat emango da», kexu da.
Etxebizitza larrialdia Hendaian
Azken 30 urteetan herrian emandako «higiezinen loraldi basatiaren» ondorioz, Hendaiako azalera osoaren %96 betonizatua edo artifizializatua dagoela ohartarazi du Hendaia Biltzenek. Eta asko eraiki bada ere, etxebizitza beharra handia dela aitortzen du Navarronek. Alde horretatik, herriko bizitoki guztien %5 hutsik dagoen bitartean, beste %27 bigarren etxebizitza da. Bigarren etxebizitza kopuru handiarekin batera, oraindik ere etxebizitza turistikoak mugatzeko Herri Elkargoak plantan emandako araudia ez da zorrotz aplikatzen, eta alokairuan bizi diren hendaiar asko eta askok, irailetik ekainerako epe muga dute haien alokairu pribatuetan, eta udako sasoian haien etxea hustu beharretan ikusten dira.
Egoera zuzentzeko, 2024an Frantzian onartu zuten Echaniz-Le Mer Legea Hendaiako Hirigintza Planean (PLU) txertatzea ezinbestekotzat jotzen du Hendaia Biltzenek. “Anti-Airbnb” lege gisa ezaguna, bizitoki turistikoak mugatzeaz gain, bigarren etxebizitza kopurua %20tik gorakoa duten herrietan, eraikitzen diren etxebizitza berrien %100 bizitoki printzipalak izatera behartzen baitu lege horrek. Alde horretatik, legeak Moleres eremuko 250 bizitoki horien %60 sozialak izatea bermatuko badu ere, «gutxienekoa litzake denak etxebizitza printzipalak» izatea Navarronen ustez.
Egun herriko bizitoki guztien %5 hutsik dagoen bitartean, beste %27 bigarren etxebizitza baita. Hendaiarren errealitate soziala zein den aintzat hartuta, halako neurriak ezinbestean hartu beharko direla uste du Laetitia Navarronek. Egun axelem edo alokairu sozial baten esperoan diren 700 dosier (familia unitate) daude herrian. Eta oporretarako bigarren etxebizitza kopuru handiarekin batera, oraindik ere etxebizitza turistikoak mugatzeko Herri Elkargoak plantan emandako araudia ez da zorrotz aplikatzen. Hau agerian utzi zuen Alda kolektiboak joan den maiatzean Hendaian egindako etxebizitza turistiko baten okupazioarekin.
Horren ondorioz, alokairuan bizi diren hendaiar asko eta askok, irailetik ekainerako epe muga dute haien alokairu pribatuetan, eta udako sasoian haien etxea hustu beharretan ikusten dira. «Biziki bortitza da duela lauzpabost urte etxebizitza baten esperoan dauden familientzat, ikusten dituztelarik etxe askok leihoak itxiak dituztela ia urte osoan, eta jende desberdina etortzen dena oporretara, ez da onargarria», dio Hendaia Biltzeneko bozeramaileak, «ezin da bizitza proiektu bat eraiki luzaroan badakizularik udaro behar duzula mugitu, ez da jasangarria familientzat, ezta lan egin behar dutenentzat ere».
Alde horretatik, familia anitz egoera oso prekarioan aurkitzen dela salatzen du Navarronek, «badakigu jende askok uda kanpalekuetan pasatzen duela, lagunen etxean edo autoan ere lo egiten dutela sasoilari langile askok, ezin da horrela segitu, ezin da dirua egin etxebizitzaren gainean, balore aldaketa handia egin behar da, eta onartu eta ohartu behar dugu etxebizitza ez dela diru iturri bat, oinarrizko eskubidea baizik», aldarrikatzen du.