Joan den asteburuan Hendaiako Enbata gaztetxera lapurtzera sartu dira. Hendaiako gazte asanbladak jakinarazi duenez,
«leihoa hautsi dute lapurrek eta dirua eta materiala lapurtzeaz gain, dena hankaz gora utzi dute». Armairuak hutsik, puskak lurretik, izotzgailuak desentxufatuak eta materiala hautsia azaldu da. Eta beraz, lapurretaz harago doan haien aurka egindako eraso bat izan dela argi du gazte asanbladak.
Enbatan, urtean zehar hainbat ekimen antolatzen dituztela, eta herriaren beharrei erantzuten saiatzen direla oroitarazi dute. Horretaz gain, Hendaiako hainbat eragilek haien egoitza erabiltzen dutela argitu dute, eta urteetako borrokari esker lortutako lokala «militantzia politikoa lehenesten duen gunea da», azpimarratu dute. Hortaz, Enbata herri mugimenduarentzako elementu garrantzitsua dela kontuan hartuta, irmoki salatzen dute, «inongo printzipiorik ez duten pertsona batzuk bortizki gaztetxera sartu eta lapurtu izana».