Hendaian uda beti izan da urtaro gorena, baina aurten egoera ekonomikoa eta araudi berriak tarteko, erronkak nabarmenagoak dira. Pirinio Atlantikoetako Departamenduko turismoa %6 apaldu daitekeela aurreikusten dute agintariek, eta Euskal Hirigune Elkargoak onartutako araudi berriak %16ko murrizketa ekarriko du turismorako aurrekontuetan.
Horregatik, Hendaiako Herriko Etxeak inoiz baino gehiago jarri du indarra udako animazioetan: 380 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte elkarte eta tokiko eragileekin elkarlanean. Kotte Ezenarro auzapezak oroitarazi du, turismoak urtero 800 lanpostu sortzen dituela Hendaian, eta sektore askok uztaila eta abuztuko fakturazioaren laurdena turismoari esker egiten dutela. Bereziki, ostalaritzak eta merkataritzak.
Kultura programazio indartsu batekin jendea ekarrarazi eta kontsumoa sustatu nahi du herriko etxeak. Baina uda ez da ekonomia hutsa. Eta Musikolore festibalarekin abiatu duten egitarau oparoarekin batera, finkoak diren uztailaren 13ko Txipiroi Festa edo abuztuaren bigarren asteburuan ospatuko den Hiri-Bestaz gain, aparteko hainbat hitzordu gorriz markatuak dira Hendaiako agendan.
Izan ere, Gaztelu Zahar abesbatzak 80. urteurrena ospatuko du abuztuaren 7an, eta Zarpai Banda elkarteak bere 55. urteurrena uztailaren 18tik 20ra. Bi elkarte horiek ospakizun handiak antolatu dituzte, transmisioaren eta komunitatearen balioak nabarmentzeko xedez. Jai handiak izango dira, baita oroimen kolektiboaren adierazpen bat ere.