Gune berde bat irabaziko dute hendaiarrek Urriztin, «urbanizaziotik at», eta badiari so

Aimar Lopez 2025ko uzt. 7a, 14:03

Joan den urte bukaeran Herriko Etxeak erositako Urriztiko muinoan herritarrekin topaketa egin zuten larunbatean, eremuaren etorkizunaz prozesu parte hartzaile bat hasiz. Herriko bozetatik urtebetera eta Molères gunean eraikuntzak sustatu nahi dituztelarik, «publikoarentzat irekia izanen den birika berdea» sortu nahi dute badia gainean.

Beltzeniatik hondartzara bidean, eskuin aldean bada karrika bat, haren izeneko muinora daramana. Hurritz gutxi, baina behinola oihan izandakoak Urrizti izena du oraindik; euskarazko toponimoa bakarrik atxikitzea erabaki zuen herriko kontseiluak berriki, frantses grafiazko Ouristy itsusia baztertuz. Dordognako departamendu kontseiluari erosi zion lur-eremua Hendaiako Herriko Etxeak joan den abenduan, EPFL egituraren bidez. Orain, Urriztiren etorkizuna herritarrekin batera eraiki nahi lukete.

Bi hektarea eta erdiko eremua da Hendaiako Herriko Etxeak eskuratu duena, Bidasoaren itsasadarraren gainean, bista ezin-hobeak eskaintzen dituena. Lehenago Dordognako haurrentzako opor-leku izana, hainbat eraikin ditu oraindik. Lursail guztia ez da herriarena oraindik; bertze 8.000 metro karratu pasa erosteko negoziaketan ari dira oraindik ere. Alta, gaurdanik zehaztu nahi dute eremuaren erabilera nolakoa izanen den, eta hauteskundeetatik 9 hilabetera, hautestontzi bat eraman zuten larunbatean Urriztira, herritarrei hainbat aukeraren artean hautua emanez.

Lorategi botanikoa, haurrentzako parkea, badiaren behatokia, erlauntzak… interneten ere bete daiteke Urriztiri buruz Herriko Etxeak ireki duen inkesta. Larunbateko elkarrizketak “eraikitzaileak” izan ziren, azaldu dutenez. Edozein hautu gailendurik ere, lurra ez artifizializatzeko engaiamendua hartu du Herriko Etxeak, eta Legarralden hartu zuten konpromezua oroitarazi dute.

Beste lur batzuk, haatik, porlanaren mehatxupean bizi dira. Molères eremuan 250 etxebizitza eraikitzeko proiektua gogor salatu du oposizioak, eta “Hendaiako azken birika berdea” deitu zion hari Laëtitia Navarron Hendaia Biltzeneko buruak orain bi aste Antxeta Irratian. Lurren artifizializatzearen gaiaz galdeturik, “balantza konplikatua” dela erantzun zuen iaz gurean Kotte Ezenarrok, eta ehunka etxe hutsen gaiari heltzeko nahia adierazi. Heldu diren martxoko herriko bozen oihartzunak gero eta ozenagoak diren honetan, lurra eta etxebizitzaren gaia gero eta larriagoa da Hendaian.