Inoizko ur beroena neurtu dute Hendaiako hondartzan

Koldo Nausia 2025ko uzt. 9a, 11:14

Hendaiako hondartzako uraren tenperaturak erregistro guztiak apurtu zituen atzo: 24,4 gradukoa. Eta gaur 24,1 gradu neurtu dituzte. Azken urteetako erregistro historikoetan 2018ko udan neurtua zuten orain arteko altuena, 23,7 gradukoa. EHU eta EOLO ikerketa taldeak Bizkaiko Golkoan egindako monitorizazio lanari esker, 10 urtetan aurreikusitako 0,2-0,3 gradu arteko berotze prozesua azkartu egin dela ondorioztatu dute. 2022ko maiatzetik modu iraunkorrean gradu bat berotu baita Kantauri Itsasoa.

Iazko udan batez besteko tenperatura Hendaiako hondartzako uretan 21,4 gradukoa izan zen. Udazkenean 18,5 gradukoa izan zen bitartean, neguko sasoian 12,8koa izan zen batez bestekoa, eta joan den udaberrian 14,3 gradukoa. Hiru hilabeteko neurketa horiek itsasoko uraren berotze prozesu bat irudikatzen duten bitartean, egun zehatzetako puntu gorenak «anomalia» baten adierazgarri dira. 

Alde horretatik, Hendaiako hondartzako uraren tenperaturak erregistro guztiak apurtu zituen atzo, uztailak 8, 24,4 gradurekin. Gaur 24,1 gradu neurtu dituzte, baina ideia baten egiteko, azken urteetako erregistro historikoetan 2018ko udan neurtu zuten orain arteko beroena, 23,7 gradukoa.

Berotze prozesu enpirikoa

Hondartzako bainuzaleek frogatu dezakete itsasoko ura epeldu egin dela. Baina EHUko eta EOLO ikerketa taldeko Jon Saenz adituak Asturiasetik Arroxelara 2022az geroztik monitorizazio lan zientifikoa egin du, eta itsasoko uraren berotze prozesua azkartu egin dela ondorioztatu du. Oro har, Kantauri Itsasoko tenperaturan anomalia bat ematen ari dela identifikatu dute. Azaldu digunez, satelite bidezkoak ez ezik, portuetan eta itsasoan termometro fisikoen bidez egindako neurketak dira, eta Optimum Interpolation sistema matematikoa erabiltzen dute emaitza itsas-eremu zehatz bateko datu fidelak irudikatzeko. 

AZTI erakundeak 2023ko azaroan plazaratutako azterketa batek argitu zuenez, klima aldaketaren beroketa efektuaren ondorioz, Bizkaiko Golkoan uraren tenperatura 0,19 eta 0,26 gradu artean emendatzen ari da hamar urtean behin. Baina Jon Saenz fisiko eta ikerlariaren arabera, 2022tik berotze prozesua nabarmen azkartu egin da, «gradu bat berotu da, 18 hilabetez hartutako neurketek erakutsi digute ia egunero ohiko tenperatura baino gradu bat gorago mantendu dela», dio adituak, «larrialdi hitza ondo definitu behar dela uste badut ere, niri galdetzen badidazu esan dezaketen kezkagarria dela».

Sakoneko eraldaketak ekosisteman

Prozesua geldiarazi ezean, honek faunan eta floran eragin dezake. Adituen arabera, besteak beste, uholde arriskupeko euskal kostaldearen azalera areagotu, itsas-belar espezie exotikoen ugaritzea, olatuen altuera handitzea, edota arrantza jarduera segurtatzeko itsaso hotzagoetara urrundu  behar izatea izango dira ondorioetako batzuk.

Nolanahi ere, Bizkaiko Golkoan itsasoaren tenperatura hain epe luzean gradu bat igo izana anomalia izugarria dela dio ikerlari honek. «Airea berotzea errazagoa da, baina itsasoak duen masa kontuan hartuta, gradu bat berotzeko behar den energia kopurua oso handia da», dio Jon Saenzek horren atzean garatu den fenomenoaren iturria argitu gabe. 

Aldaketak sumatzen hasiak ditugu, hondartzako uretan bainu hartzerakoan ez ezik, arrantza sektorean ere. Diotenez, arrain espezie askok uraren tenperaturaren arabera aldatzen dituztelako haien migrazio bideak. Aurten, hain justu, udaberriko antxoaren kostera 10 egun atzeratu behar izan zuten euskal arrantzaleek, ez zelako Bizkaiko Golkora ohiko garaietan eta kopuruetan sartu.