Hendaiako Txipiroi Bestaren lehen edizioa 1989. urtean ospatu zuten Besta Komiteak antolaturik. Orduz geroztik, garapen azkarra izan du hendaiarrentzat udako tradizio handiko ospakizun honek. Eta uztailaren 13 honetan, urtero bezala, arratsalde erditsutik aurrera, Hondartza auzoko Mimosa karrika bilakatuko da besta honen erdigune. Herriko dozena bat elkartek parte hartzen dute txipiroiak sukaldatu eta zerbitzatuz. Izan ere, urtean zehar elkarteen jarduerak diruztatzeko hitzordurik garrantzitsuenetakoa da honakoa.
Akelarre euskal kultur elkarteko Asun Mikelarenak gogoratzen duenez, Txipiroi bestan biltzen duten dirurik gabe, nekez eginen lukete urte osoko jarduna. Hainbat kultur hitzorduez gain, bereziki adin ezberdinetako 100 bat dantzari biltzen dituen euskal dantza taldearena, adibidez. Elkarteko kideek oroitarazi dutenez, www.akelarre.eus bidez erreserbatu daiteke lekua. Haiek bezala, Hendaiako dozena bat elkartek parte hartzen dute ere. Haien postua jarriko dute Gure Ikastola, Endaika, Zarpa Banda edota Les Englantins edota Stade Hendayais errugbi taldeak, besteak beste.
Hasierako urteetan hendaiarrak bildu ohi ziren bitartean, uda bete betean gaudela, gaur egun bisitari anitz biltzen ditu hitzordu honek. Bere tintan ez ezik, tomatearekin ala plantxan sukaldatuta, arrozarekin batera zerbitzatzen dituzte txipiroiak elkarteek. Akelarre elkarte xumea dela dio, eta iragarri duenez, 100 kilo txipiroi prestatuko dituzte bere tintan eta tomatearekin. Baina badira kopuru hauek hirukoiztu ere egiten duten elkarte handiagoak.
Batzuetan ala besteetan, Mimosa karrikan ezarritako mahaietan afaldu daiteke 19:00etatik aurrera. Apairua 15 eurotan da eta edarietarako edalontzi berrerabilgarria euro baten truke eskura daitekeela gogoratu dute antolatzaileek. Hendaiako herriko etxearekin elkarlanean, afalduondokoan bestak jarraituko du, Palmondoko biribilgunearen aldean Patcha Mama taldearekin, eta Mimosa karrikaren bukaeran instalatuko duten oholtzan, aldiz, Alma Flamenca eta Arpège taldeek animatuko dute.