Zuzeneko kultur emanaldientzat eta arte garaikidearentzat espazio berriak ditu Irunek, CBAren hedapena bukaturik

Aitor Errazkin, Aimar Lopez 2025ko uzt. 22a, 09:52

Berantean eta obra gorabeheratsuen ondotik, udal liburutegia hartzen duen eraikinaren lanen bigarren fasea bisitatu zuten atzo Irungo udaleko hainbat hautetsik, eta bertan sortu dituzten lau guneak aurkeztu. 2.400 metro karratu ditu azpiegitura berriak, eta nagusiki, zutik 360 lagun hartzeko gaitasuna duen areto bat izanen da bertan, arte bizien ikusgarriak egiteko.

Irunek gaurdaino ez du halako aretorik izan eta Nuria Alzaga kultura hautetsiak, lanen gibelapena ironiaz hartuz, beharrezkotzat jo du azpiegitura berria. Amaia Kultur Zentroak hiriak dituen kultura sortzaile eta kontsumo molde guztientzat balio ez duela argitu du, eta halako areto ertain batek ate asko ireki dituela gehitu. “Irun Zuzenean” izendatu espazio horrek 360 gradutan ikus daitekeen oholtza bat sortzeko aukera ere ematen du, antzerki eta dantza emanaldientzat egokia.

Zuzeneko aretoa ez ezik, bertzerik ere izanen da CBAren hedapenean. Kultura eta gazteria ardatz, hiri erdian herritarrei arreta emateko gunea ere izanen da, GazteArtean zerbitzuak bulego bat izanen baitu bertan. Baina batez ere, Irungo udalak jadanik sustatzen dituen arte garaikiderako ekimenek leku finko bat izanen dute: “Kontenporanea” izeneko erakustokia. Bertze erakusketa areto bat ere izanen da, “Ireki Art”, artista berrientzat pentsatua.

Eraikuntza, gorabeheratsua

Eraikuntza enpresak urtarrilean eman zituen lanak bukatutzat, baina udalak oraindik hainbat lan egiteke zirela eta auzitara eraman zuen enpresa, eta hark lanean segitu behar izan zuen. Orain, berantagatik 316.000 euroko isuna eman dio Irungo udalak eraikuntza enpresari. Orotara, 4 milioi euro pasa inbertitu dira 2.400 metro karratuko azpiegitura berria egokitzen.