“Herritarren zainketa” tresna martxan jarriko dute Hendaiako Herriko Etxeak eta Frantziako poliziak, «delinkuentzia prebenitzeko»

Aimar Lopez 2025ko uzt. 24a, 13:46

Irunen eskuin muturreko kale patruilak antolatzen diren moduan, instituzioek herritarrek eta poliziak etengabeko elkarlana izatea nahi lukete Hendaian. Hendaia Biltzenek gogor kritikatu du “miliziak” sortzeko saiakera.

Irungo kale patruilen aurka gero eta ahots gehiago altxatzen ari diren artean, Bidasoaz bertzalde, Hendaiako herriko etxeak Frantziako polizia nazionalaren eta auzokideen arteko elkarlana sortu nahi du, “herritarren zainketa” deitu dispositiboarekin.

Uztailaren 23ko herriko kontseiluan aurkeztu eta onartu zuten tresnak delinkuentzia prebenitu eta hurbiltasuneko polizia sortzen lagunduko duela argudiatu du Fred Tranche espazio publikoaren kudeaketarako axuantak.

Hendaiako komisaldegiak kudeatuko luke dispositiboa. Oroitaraztekoa da Frantziako poliziak Hendaian duen segurtasun publikoko presentzia apala dela, eta gauez ez dela patruilarik, PAFeko agenteek ezin baitute printzipioz muga eta migrazioa zaintzearekin lotua ez den misiorik bete. Fred Tranchek dioenez, lehenagotik ere segurtasun indarrekin loturarik gabeko halako taldeak sortuak ziren auzoetan, eta orain horiei koadro bat eman nahi liekete: «Dinamika horretan aurkitu dugu dispositibo hau, herritarren parte hartzea polizia nazionalak eta epaitegiek emandako koadro batean baimentzen duen tresna da».

Hendaia Biltzeneko Laetitia Navarron gogor mintzatu da proiektuaren aurka. Abertzaleek azken urteetan hartutako hainbat neurriren testuingurua eman dute, eta zelatatzea sustatzen duen tresna dela salatu. Laetitia Navarron: «Bideozaintzako kamerak ezarri ondoren, polizia munizipalaren armatzea, eta "Nere karrika pizten dut" dispositiboaren atzerapausoaren ondotik— guztiak delinkuentziaren aurkako borrokarako aurkeztuak — orain herritarren patruilak ezartzea proposatzen diguzue. Zuek horrela ez deitu arren, milizia herritar modukoak dira».

Irungo kale patruilen adibidea ezin hurbilago izanik, Hendaiako herriko etxeak plantan eman nahi duen “herritarren zainketa” arriskuz beteriko dispositibo gisa ikusten du oposizioko talde abertzaleak: pribatutasunaren urraketa, lege-mugen lausotasuna eta bideozaintza informalak aipatu ditu Navarronek.

Estatuaren engaiamenduaren apaltzea ere kritikatu du bozeramaile abertzaleak, poliziaren betebeharrak herritarren eskuetan utziz. Ildo beretik mintzatu da gehiengoan den alderdi komunista ere, dispositiboarekin orohar desados izan gabe. Fred Tranchek ez du ber moduan ikusten: «Oroitarazten dut esperimentazio bat dela, estatuko zerbitzuekin. Beraz, kasu honetan, ez da estatuaren desengaiamendu bat, estatuaren inplikazio zuzen bat baizik».

Datarik gabe baina laster eginen den bilkura publiko baten zain, “herritarren zainketa” dispositiboaren hitzarmena izenpetzeko baimena eman zion kontseiluak Kotte Ezenarrori. Ez baina, Hendaia Biltzenek azken Kritika bat plazaratu aitzin: «Hau al da etorkizuneko gizarte eredua? Guretzat, argi eta garbi, ez da. Izan ere, segurtasun ezaren erro sozialak dira borrokatu beharrekoak, eta ez soilik ondorioak».