migrazioa

Hendaiako PAF mugako poliziaren egoitzan bi etorkin 18 ordu inguruz legez kanpo atxiki dituzte

Aimar Lopez 2025ko uzt. 28a, 09:51

Jean-Marie Girier prefeta eta Anne-Sophie Marcon kabinete burua, Hendaiako geltokian, martxoan. Pirinio Atlantikoetako prefektura.

Médiapart atari digitalaren ikerketa batek erakutsi duenez, Sipaf mugako polizien zuzendariaren aginduz atxikialdiak ahalik eta gehien luzatzen dituzte azken asteetan mugetako agenteek. Urte hastapenetik Bidasoko mugan indar handia ematen ari da Frantziar gobernua, "legez kanpoko migrazioaren aurkako borrokan".

Frantziako ikerketa egunkariak ikustea lortu duen ikerketa administratibo baten arabera, azken hilabetean hainbat aldiz atxiki dituzte etorkinak Frantziako poliziak mugan duen komisaldegian, atxilotuak izan gabe, eta haien eskubideak jakinarazi gabe. Izan ere, muga inguruetan poliziak nortasun kontrolak eta ondotik egonaldirako baimenaren kontrolak egiteko eskubidea du, baina horretarako usu itzultzaileak behar dituzte.

Alta, Mediapartek argitaratu duenez, PAF mugako polizien buruak berriki bere agenteei iradoki die atxikitze horiek luzatzeko, itzultzailerik ez balitz. 2024an Estatu Kontseiluak oroitarazi zuenez, itzultzaileak telematikoki erabili ditzake poliziak orain, halako arazoak saihesteko.

Baionako parketak eta Pirinio Atlantikoetako prefekturak gertakari hauek onartzen ditu, eta migrazio klandestinoaren aurkako borrokan egin beharrekoak direla erantzun dio Médiaparti Prefetaren kabinete buru Anne-Sophie Marconek. Ordu luzeko atxikialdi horiek legez kanpokoak dira, atxilotuen eskubideen jakinarazpena poliziaren eskuetan direnetik gehienez ordubete barru egin behar baita.

Estatuaren indar guztia Bidasoko mugan

Martxoan eta ekainean, "Force Frontière" dispositibo berria martxan jarri zuen Frantziako Barne Ministroak Pirinio Atlantikoek dituzten mugetan, Frantziar estatu mailan aurrenekoz. Apirilean berriz, Biriatun izan zen Bruno Retailleau, eta "zorroztasuna" iragarri zuen mugan; Certim, migrazioaren inguruko inteligentzia biltzen duen agentzia berriaren lehen hegala Hendaian instalatu berri da. Baionako suprefeta eta prokuradore berriak Retailleauren eta Gérald Darmanin justizia ministro -eta barne ministro ohiaren- hurbilekoak dira. François Bayrouren gobernuan eskuin muturrera lerratzeko joera duten bi ministroek Ipar Euskal Herrian finkatuak dituzte begiak azken hilabeteotan, eta migratzaileen aurkako borrokan jarraitzeko asmoa dutela argi erakusten du albiste berri bakoitzak.