Gaztelu Zahar abesbatza

Xan Berasategi eta Joanes Garayar: «Argi dago gure izaeran egoera historikoa oso garrantzitsua dela»

Esteban Bastié 2025ko abu. 4a, 10:00

Gaztelu Zahar, Hendaiako gizon abesbatzak, 80. urteurrena ospatuko du aurten. Ipar Euskal Herriko abesbatza zaharrena da, eta urteurren berezi horren harira, ikuskizun handi bat prestatzen aritu dira azken hilabeteotan.

1945ean sortu zen Gaztelu Zahar, Xan Berasategik oroitarazi duenez, Bigarren Mundu Gerlaren biharamunean. Hendaian "bizitzeko gogoa" nabari zen, Espainiako Gerla Zibileko errefuxiatuak ere bertan baitziren, eta hala sortu zuten abesbatza eta elkartea.

Urteurrena abesbatza anitzen emanaldi bakarrarekin ospatuko dute, asteazkenean, abuztuaren 7an izanen da, Daniel Ugarte pilotalekuan.

Iñaki Diéguezek zuzendutako ikuskizun berezi horretan, gonbidatu ugari izango dira: Landarbasoko dizdizka, Bost Axola, Oinkari dantza taldea, eta musikari hauek ere bai: Angel Unzu, Iker Telleria eta Ritxi Salaberria. Horrela, gizonezkoen abesbatza tradizionala izanik ere, beste kantatzeko modu batzuk ohoratzea izan da helburu nagusietako bat.

Sarrerak hemen daude salgai, eta bertan erosteko aukera ere izanen da, baina azkar agortzen ari direla abisatu du Joanes Garayarrek. Hendaiako Turismo Bulegoan ere bada erosterik.