Sasoi motelaren bukaera musikaz girotuko du ostiralean Hondarraitzeko Txirla ostatuak

Aimar Lopez 2025ko abu. 19a, 08:52

Agorril hastapenera arte ez da ohiko turista saldorik izan Hendaiako jatetxe eta ostatuetan, nahiz eta bisitari kopurua ez apaldu. Hondartzako Txirla udako ostatuak ‘Koatxirla’ gaualdia antolatu du hilaren 22an, inguruko hainbat DJren musikarekin sasoia agurtzen hasteko.

«Gure ogitartekoak ez dira 7 euro baina garestiagoak, baina familia batentzat aurrekontu bat izan daiteke jadanik»: Maia Darrieussecq Txirla ostatuko sasoilariak argi du bezero jaitsiera zeri dagokion. Hitz horiek baieztatu dituzte Kanttu eta La Nonna jatetxeetako jabeek ere, nahiz eta urte osoan zehar turistak gero eta barreiatuagoak direla zehaztu duten, eta hortaz, urte osoko diru sartzeak bereziki apaldu ez zaizkiela onartu duten.

Udatiarrak etorri bai, baina gutiago kontsumitzera: azken urteetako joera finkatzen ari da udaz uda, eta aurten ere, turismo bulegoek eman dituzten datuek, ostalariekin izandako solasaldiek eta bisitariei supermerkatuen inguruan egindako galderek hori berretsi dute.

Hendaiako Ondarraitzen dauden bost udako ostatuetako bat da Txirla, eta uztaileko hilabetea ohiko urriko hilabete baten parekoa izan dela kontatu du Darrieussecqek. Salmenta egiteaz gain, sasoi guztietan kontzertu txikiak antolatzeko ohitura dute, eta aurten ere bizpahiru hitzordu antolatu dituzte azken bi hilabeteetan. Agorrilaren 22 honetan berriz, hiru DJ elkartu eta ‘Koatxirla’ gaualdia eginen dute, herritarrak, sortzaileak eta bisitariak elkartu nahian.

Arratseko 19:00tan hasirik, DJ Rask, DJ MJM eta DJ Titangzz ariko dira ostiralean hondartza girotzen, jan-edanak ohiko moduan salduko dituztelarik ostatuan.