Abadia eremu naturalak duen babes-legea arriskuan egon daiteke CPIE erakundearen arabera

Antxeta Irratia 2025ko ira. 1a, 10:25

Uda hasieran 50 urte bete dituen Conservatoire du Littoral erakundearen babes-legea desagertzeko arriskua dagoelako kezkaturik azaldu da CPIE-Euskal Itsasbazterra erakundeak. Gaur egun babestua den Hendaiako Abadia eremuan eraikitzeko debekua bertan behera geratu daitekeela iragarri baitu Frantziako Senatuak, natur-kontserbatorioa izateari utziz.

Hendaiako Abadia eremuko Conservatoire du Littoral erakundeak 50 urte bete berri ditu uda hasieran. Eta CPIE-Euskal Itsasbazterra erakundeak bere lanaren babespean burutzen badu, erakunde horrek sortutako legeek ahalbidetzen dute natur eremu horretan eraikuntza berriak debekatzea. Antton Abadiak herriari lagatutako lurrak izanik, natur kontserbatorio izateko baldintzapean utzi zituen. Aldiz, egoera hori arriskuan litaike.

Izan ere, joan den ikasturte bukaeran Frantziako Senatuko ikerketa batek Conservatoire du Littoral desagertzea proposatu baitzuen, diru anitz xahutzen duen erakunde gisa ikusia delako. Jon Frahiek, CPIE erakundeko ingurumen teknikariak argi du horrekin erakundeak babesten dituen eremu natural guztiak arriskuan liratekeela. Eta ez Hendaiako Abadia eremua soilik. «Ulertu behar da Frantziako estatu osoan halako 800 gune baino gehiago desagertzeko arriskua dagoela, frantses itsas-bazterraren %19a suposatzen du», dio Frahierrek. Alde horretatik, 50 urte hauetan babes-lege horrek Hendaiako Abadia eremuan izan duen eragina nabarmena izan dela aldarrikatzen du. Izan ere, bertan horren aurretik eraikiak ziren etxeak zaharberritu besterik ez dituzte egin, hain justu, «garapen iraunkorra eta ingurumen misioa indartzeko lanetara bideratzeko», hala nola, urrian 10 urte beteko dituen Asporotsttipi Erlaitzaren interpetazio zentroa, edota Nekatoenea etxaldea. 

Hau kontuan hartuta, Parisen iragarri duten balizko erabakia mehatxu gisa ikusten du teknikariak. Eta babes hori ordezkatua izango ote den jakin nahi luke. Ikasturte politikoa hasi eta aitzina joan ahala gehiago jakinen dutela dio Frahiek, eta beharrezko mobilizazioak hasiko dituztela Conservatoire du littoral ez dadin desagertu, edo ez bederen hark ematen duen babesa. Anartean, ohiko lanean jarraituko dute, eta urriaren 3, 4 eta 5eko asteburuan Asporotsttipiren urteurrenean elkartuko dira.