Viana do Casteloko dantzariak Akelarrekoekin elkartuko dira asteburuan Hendaian harremanak estutzeko

Koldo Nausia 2025ko ira. 3a, 10:33

Hendaiarekin senidetua dagoen Viana do Casteloko (Portugal) Santa Marta de Portuzelo dantza taldeari harrera egingo dio Akelarre elkarteak asteburu honetan. Irailaren 6an, 11:00etan Zokoburuko merkatuan, eta 18:00etan Gaztelu aretoan elkarrekin dantzatuko dute. Ikasturte berrian dantza ikastaroekin batera, aspaldiko urtetan Argentinara edota Pragara eraman zituen bidaien dinamika berpiztu nahi dute.

Hendaia (Lapurdi) eta Viana do Castelo (Portugal) herrien artean 815 kilometro daude. Baina bi udalerri hauen arteko harremana 1999 urtean senidetu zirenetik handia izan da, arlo instituzionalean ez ezik, elkarteen artean ere. 2019 urtean anaikidetzearen 20. urteurrena zela eta, Akelarre euskal kultur elkarteko dantza taldeak Portugalera bisita egin zieten. Eta iaz Akelarrek 50 urte bete ondotik, aurten dantzariekin bidaiak egiteko proiektua berriz martxan jarri nahi du. Izan ere, Viana do Castelora egindakoaz gain, azken 10 bat urtetan Argentina eta Pragara egindako bidaiak gogoan dituzte. 

Inko Manterola, Akelarre elkarteko kideak azaldu digunez, «horrelako bidaia bat esperientzia ahaztezina da dantzarientzat, gure euskal dantzak atzerrian ordezkatzeaz gain, taldea trinkotzen du, eta polita da». Gainera, bidaia diruztatzeko, urtean zehar hainbat ekimen antolatzera behartuak ikusten direnez, proiektu oso bat suposatzen du. 

Hurrengo bidaia Portugalgo iparraldeko kostaldera izango da ziur. Viana do Castelora. Baina ez dakite noiz. Mementoz, hango Santa Marta de Portuzelo dantza taldea izango da Hendaiara datorrena. Irailaren 5etik 8ra harrera egingo die Akelarre elkarteak, eta irailaren 6an dantzaldia eskainiko dute Gaztelu aretoan, 18:00etan. Akelarreko kideek euskal dantzak taularatuko dituzten bitartean, portugaldar folk dantza tradizionalek hartuko dute ikusgarriaren parterik handiena. Aurretik, goizeko 11:00etan Zokoburuko larunbateko merkatuan ere dantzan ariko dira plazan. 

Ikasturte berria

Uda borobiltzeko edota ikasturte berria abiatzeko hitzordua izango da honakoa. Larunbatean, hain justu, 70 elkarte baino gehiago bilduko dituen Hendaiako Elkarteen Foroa ospatuko da Daniel Ugarte pilotalekuan. Eta bertan, Akelarrek bere mahaia ezarriko du 6 urtetik gorakoentzat urtero eskaintzen dituzten euskal dantza ikastaroen berri emateko. Gaur egun 100 bat dantzarik osatzen dute taldea, haur, gazte eta helduen artean. 

Manterolak aitortu duenez, «txikitatik hasten diren askok gero uzten duten kirolak indar handia duelako, baina segitzen dutenek maite dute, eta euskal dantzan harrobia bada Hendaian» dio taldearen azken urteetako bilakaerarekin pozik.