Hendaia Biltzen-ek herriko hauteskundeetarako programaren ardatzak plazaratu ditu

Aitor Errazkin 2025ko ira. 17a, 16:46

Hendaian, 2026ko martxoaren 15ean eta 22an ospatuko dira herriko hauteskundeak. Testuinguru horretan, Hendaia Biltzen udal taldeak prentsaurrekoa eskaini du Moreles lur eremuan. Taldearen iritziz, udal gobernuak eremu horretan garatu nahi duen operazio urbanistikoa arduragabekeria larria da, kontuan hartuta Hendaiako lurren %96a jada artifizializatua dagoela. Hori dela eta, gelditzen diren guneak babestearen garrantzia azpimarratu dute. Agerraldian, hauteskundeetara begira aurkeztuko duten herri programaren ildo nagusiak plazaratu dituzte

Hendaian, datorren urteko martxoaren 15ean eta 22an egingo dira herriko hauteskundeak. Hauteskunde horien atarian, Hendaia Biltzen udal taldeak prentsaurreko bat egin du Moreles lur eremuan, udal gobernuak bertan urbanizazio proiektu bat gauzatzeko asmoa duelako. Taldeko ordezkarien ustez, proiektu hori arduragabekeria hutsa da, izan ere, gaur egun Hendaiako lurren %96a artifizializatuta dago, eta gainerako lur eremu libreak babestea ezinbestekoa da.

Prentsaurrekoan, Paulo Arzelus Aramendi eta Laetitia Navarron hautetsiek Hendaia Biltzen taldeak aurkeztuko duen herri programaren ildo nagusiak azaldu zituzten. Etxebizitzari dagokionez, taldeak azpimarratu du etxebizitza sozialak hiri erdigunean eta geltoki auzoan gauzatu behar direla, eta ez Moreles bezalako lur guneetan. Horrez gain, prekarietateari aurre egiteko neurriak proposatu dituzte: elikadura jasangarria bermatzeko proiektuak, energia arrakalari aurre egiteko estrategiak eta bizitza duina segurtatzeko oinarrizko zerbitzuak.

Ingurumenari dagokionez, Hendaia Biltzen-ek berdegune berriak sortzea proposatzen du herriko espazio publikoetan. Halaber, mugikortasun jasangarrirako alternatibak aurkeztuko dituzte, zirkulazioari eta aparkaleku faltari irtenbide errealak eskaintzeko. Eskuin muturraren gorakadaz kezkatuta agertu dira, eta salatu dute udal gobernuak segurtasunaren aitzakian hartu dituen neurriak diskurtso populista horren ildotik doazela. Horregatik, azpimarratu dute Hendaia Biltzen izango dela hauteskundeetara aurkeztuko den ezkerreko aukera bakarra.

Diskriminazioaren aurkako borrokan ere arreta berezia jarriko dute, LGTBI kolektiboaren eskubideen alde, indarkeria matxistaren aurka eta emakumeen eskubideen defentsan neurri zehatzak proposatuz. Herrigintzak ere leku berezia izango du programan: herriko elkarteekin elkarlana sustatu nahi dute, herri bizia piztuko duten ekimenak bultzatuz. Gazteei dagokienez, lehentasunezkoa izango da Hendaian bizi eta lan egiteko aukerak sortzea, bertako gazteek herrian etorkizuna izan dezaten.

Proiektu guztiak garatzeko, Hendaia Biltzen taldeak 15 milioi euroko aurrekontua proposatu du. Datorren urratsa urriaren 18an izango da, Intzura auzoko Autoport gelan egingo duten bilkura publikoan, goizeko 9:00etan. Azaroan, hauteskunde zerrenda osatzeko beste batzar bat egingo dute. Taldeak, azkenik, herritar guztiak gonbidatu ditu parte hartzera eta eztabaida publikoan ahotsa ematera