Arte eszenikoen eta kulturaren elkarguneak zazpigarren "Harria" ezarriko du Hendaian

Koldo Nausia 2025ko urr. 2a, 13:46

Urriaren 9tik 12ra dantza, zirkua, musika, antzerkia, sormen artistikoak eta performance ezberdinak bilduko ditu 7. Harria Festibalak. Hendaiako Borderline Fabrika tren geltokiaren joan-etorriaren erdian kokatua badago ere, «presak jaten gaituen bizimodu azkarraren erdian, kultura patxadaz gozatzeko gune bat proposatzen» dutela aldarrikatzen dute antolatzaileek. Ander Fernandez, Rouge Elea konpainiako kide eta festibalaren eramaileetako batekin hitz egin dugu.

8 urte dira SNCFak Akitaniako tren geltokietan prekarioan edo hutsik zituen 30 bat lokalak kultur eta sozial eragileen proiektuetarako eskaini zituela. Horietariko bat Hendaiako tren geltokian zegoen garai bateko jatetxearen espazioa. Eta herriko sortzaile eta artista ezberdinek Borderline Fabrika irudikatzen hasi ziren. Baita proiektua hurrengo 12 urtetan garatzeko hitzarmena lortu ere.

Lau urte eta erdi iragan dira kultur topagune honek ateak zabaldu zituenetik. Eta geroztik, etxeen antzera, ametsak ere harriz-harri eraikitzen direla irudikatzeko ospatu zuten Lehen Harria Festibala ospatu zutenetik, ohartu gabean, 7. Harria Festibala antolatzeko lanetan harrapatu ditugu «kultura DNAn daramaten» abentura honetan murgildu ziren partaideak. 

Ander Fernandez dugu horietariko bat. Eta Geltoki auzoari bizia emateko helburuarekin hasi zena, Hendaian kultur espazio eta eskaintza berria ekarri, eta mugak apurtu dituela dio. «Bada sormena, elkargunea, kultura kontsumoa, baina proposamen politikoagoak ere badira, azken batean, gure nortasuna gorpuzten duten zirkulu kontzentrikoak dira, auzoa, Hendaia eta Bidasoaldea hartzen dituen topagunea da», argitzen du.   

Alde horretatik, joan den uztailean Hondarribiko Psilocybe musika elkartea eta Irungo Lakaxita gaztetxearekin "Ez Ipar, Ez Hego" festibala antolatu baitzuten elkarrekin. Borderline Fabrikako kideak azaldu digunez, urte osoan zehar haur eta gazteentzako dantza, zirku eta antzerki ikastaroak edota hamaika kultur hitzordu antolatzeaz gain, «Borderline eskualdeko arte eszenikoen sorkuntza gune eta sortzaile askoren erreferentzia ere bilakatu da». Izan ere, tren geltokiaren joan-etorriaren erdian kokatua badago ere, «estresak eta presak jaten gaituen bizimodu azkarraren erdian, kulturaz lasai eta patxadaz gozatzeko gune bat proposatzen» dutela dio Fernandezek. 

Lau eguneko festibala

Filosofia horretan sakonduz, urtero bezala, udazkenarekin batera dator Harria Festibala. Urriaren 9tik 12ra zazpigarren edizioa ospatuko dute. Eta arte eszenikoen jaialdia izaik, musika, zirkua, dantza eta sorkuntza kolektiboak ere proposatuko dituzte. Azken batean, Borderline Fabrikaren egunerokoaren irudiko baita festibala.

Hasteko, ikasleekin batera sortutako antzerki obra bat aurkeztuko dutela azaldu digu Ander Fernandezek. Rouge Elea konpainiako kidea da bera, eta iaz Europarko proiektu batean parte hartu zuten La Pueblako (Araba) Azala kultur-espazioarekin eta Portugaleko sortzaile batzuekin. Hendaiako Aizpurdi Lizeoko 9 ikaslek hartu zuten parte "Vendredi" antzerki obra honen sorkuntzan, eta Gaztelu Hendaiako Gaztelu aretoan eta Gasteizen, La Puebla eta Portugaleko kideen aurrean aurkeztu eta gero, Harria Festibala irekiko du urriaren 9an 18:30ean.

Urriaren 10ean, aldiz, Rouge Elea konpainiak "Zuhaitzarekin Solasean" ikusgarria taularatuko du 19:00etan, Avenida zubian. Eta jarraian, musika izango da Borderline Fabrikan. Jaialdiko kontzertu nagusia Rüdiger Felix Buff musikariaren rock taldearekin 20:30ean, eta ondoren Txaptrax, txalaparta eta elektronika uztartzen dituen euskal taldea. Sarrerak hemen eskua daitezke. 

Urriaren 11n, larunbatarekin, Aragoitik eta Okzitaniatik datorren Sweet Chilly Circus Company bikoteak lurreko eta aireko zirku-dantza "The risk party" ikusgarria proposatuko dute Avenida oinezkoen zubian, 17:00etan. Eta 18:00etatik aurrera Roller festa bat antolatu dute haur eta familientzat tren geltokiaren zabalgunean. Bertan hainbat animazio izango dira, eta Micro Circuit irratsaioa egingo dute zuzenean. 21:00etan, Crea kolektiboak Loto Loko bat antolatuko du. Eta 22:30etik aurrera, Karibeko erritmoak lantzen dituen DJ La Diabla gonbidatu dute.

Igandean, urriaren 12an itxiko dute festibala Borderline Fabrikan bertan, bazkari herrikoi batekin. Norbere janaria eraman dezake etxetik, eta besteekin partekatuz giro bikaina sortu ohi dela nabarmendu dute antolatzaileek. Roller pistak egongo dira eta haurrentzako tailer sortzaileak proposatuko ditu Camille Feyri ilustratzaileak.