Ipar Euskal Herriko zinema aretoetan ofizialki azaro hondarrean plazaratu aitzin, Hendaiako “Les Variétés” izanen da "Karmele" filma emanen duen zinema-gela bakarra. Urriaren 17 honetan, 20:30ean, Donostiako Zinemaldian aurkeztu berri duten filmaren proiekzioa egingo dute bertan, aurre-estreinaldi gisa. Eta herriko etxeko Kultura Zerbitzuak iragarri duenez, zine-topaketa berezia antolatu dute horretarako. Izan ere, Asier Altuna filmaren egilea gonbidatu dute zinegilearekin hitz egin eta obra zeharkatzen duen istorioa hobeki ulertzeko.
Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren egiazko bizitzetan inspiraturik, Kirmen Uriberen "Elkarrekin esnatzeko ordua" eleberriaren egokitzapena da filma, eta Asier Altunak berak idatzi du "Karmele" drama historikoa. 1937 urtean kokatua, Espainiako estatu kolpe faxistaren ondotik erbesteratua den euskal erizainaren istorioa kontatzen du. Eta Frantzian errefuxiaturik, Txomin tronpeta-jotzaile birtuosoa ezagutzen du. Elkarrekin Caracasera (Venezuela) ihes egiten dute Euskal Herrira itzuli aitzin, kendua izan zaiena berreskuratzeko itxaropenak bultzaturik. Filma honetan Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy aktoreek Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren erbestea, militantzia eta maitasuna antzezten dute, 1937 eta 1947 artean.
2025eko Donostiako Zinemaldian emanaldi berezian aurkeztu zuten Karmele filma, eta «zapaltzailearen aitzinean, tema, borroka eta duintasun istorio bat ikertzen du», Altunak berak azaldu duenez. Filmak euskara, frantsesa eta gaztelera nahasten ditu.
OHARRA: Emanaldia denei irekia da, izenik eman beharrik gabe, eta ohiko prezioetan.