Hendaiako gau beltza: Andere beltzaren etorrera

Aitor Errazkin 2025ko urr. 21a, 09:35

2025eko urriaren 31n, Hendaiako kaleak misterioz eta magiaz beteko dira Gau Beltzaren ospakizunarekin. Hiriak, bere ohiturei eutsiz, bizidunen eta arimen arteko lotura berrituko du errituen, musikaren eta dantzaren bidez. Gau berezi honetan, argiak eta itzalak bat egingo dute, beldurrak uxatzeko eta komunitatea elkartzeko. Hendaiako herriko etxeko Aiala eta Maialen teknikariekin hitzegin dugu

Itzala eta argiaren arteko besta

Gau Beltza hildakoen oroimenez egiten den gaua da, arimen presentzia hautematen dugun une sakratua. Euskal Herrian Halloween baino askoz lehenagotik ospatzen zen, udazkenetik negura igarotzeko garaia markatuz. Garai batean, arbi eta kuiak zizelkatzen ziren, kandelak pizten, eta jendea mozorrotzen zen, ez kanpoko festa bat ospatzeko, baizik eta arbasoekiko lotura bizirik mantentzeko. Gauaren iluntasunean, beldurrari aurre egiten zitzaion dantzaren eta errituen bidez, bizitzaren eta heriotzaren arteko oreka ospatuz.
Gaur egun, Hendaiak ohitura hori berpiztu du eta herritar guztiei esperientzia kolektibo paregabea eskaintzen die. Udalak antolatutako egitarauak poesia, musika eta erritualak uztartzen ditu: bakoitzak bere beldurrak idatziko ditu, arimei emateko eta su garbitzailearen bidez askatzeko.

Andere beltzaren etorrera

Gauaren bihotzean, pertsonaia mitologikoak agertuko dira ikusleak gidatzeko. Mezularia, Zaharra eta Ama arimen zaindariak izango dira lehenak; haiekin batera Ardora itsasokoa, Negartia, Ezti erleen xuxurlaria, Bidegilea eta Bizkiak, bizitzaren eta heriotzaren arteko oreka sinbolizatzen dutenak.
Pertsonaia horiek, euskal irudimenaren eta Hendaiako sormenaren fruituak, Andere Beltzaren etorrera iragarriko dute. Gauaren unerik magikoenean, Andere Beltzak bere agerpenarekin erritualari amaiera emango dio: beldurrak erreko ditu eta dantza erritual handi batek bizidunen eta arimen arteko batasuna ospatuko du. Publikoari parte hartzera gonbita egiten zaio: idaztera, dantzara, eta suaren inguruan, iluntasunaren erdian, argia piztera.

Talde-sorkuntza parte hartzailea

Gau Beltzaren ospakizuna ez da antolaketa hutsa, baizik eta herri-lana eta sormen kolektiboaren emaitza. Akelarre, Mutxiko Elkartea, Luixa eta Zarpai Banda bezalako tokiko taldeek, boluntario ugarirekin batera, ikuskizunaren magia eta emozioa biziaraziko dituzte. Hendaian sortutako istorio eta pertsonaiek herriko ondare kulturala aberasten dute, belaunaldi berriei transmisioaren bidez bizia emanez.


Xehetasun praktikoak:

Data: 2025eko urriaren 31 (ostirala)
Lekua: Hendaiako Gaztelu Aretoa eta ingurua

Egitaraua:
    • 16:30 – Gaztelu Aretoan: Sorginen dantzaldia
    • 18:30 – Gaztelu Aretoko zabaldegian: Arimen iristea eta ibilaldia hiri-barnean
    • 20:00 – Gaztelu Aretoan: Andere Beltzaren errituala eta beldurren erretzea
    • 20:30 – Gaztelu Aretoan: Jeiki Hadi taldearen kontzertua
(jan eta edatekoa bertan, Denentzat Gizarte Zentroaren eskutik)

Elkarrekin bizitzeko gaua

Hendaiako Gau Beltza ez da soilik festa bat, baizik eta oroimen kolektiboa, elkarbizitzaren eta ausardiaren ospakizuna. Dardara, poesia eta partekatzea uztartzen dituen gaualdi honek aukera ematen du bakoitzak bere barneko argia aurkitzeko eta komunitatearekin berriz konektatzeko.

Arimak deitzeko kantua

GAU ILUNEAN
KANDELA ESKUTAN
IBILI KALEAN
ARIMEN ARTEAN
Beldurrak erretzeko kantua
BELDURRAK IDATZI ETA EZ JANTZI
BELDURRAK ERRE ETA EZ GORDE
PAPERAK URRATU ETA UFATU
PAPERAK SUTARA!
BELDURRAK SUTARA!
PAPERAK SUTARA!
BELDURRAK SUTARA!
SUTARA! SUTARA! SUTARA! SUTARA!