«Lore eta Jon bikote dira aspalditik. Gaur Lore aztoratuta iritsi da etxera. Amarekin telefonoz hitz egin du eta ulertu dio Jon-ek gonbita luzatu diola beraiekin bizitzera joateko. Lorek kontuak eskatu dizkio senarrari». Horixe da Hika Teatroaren Zorretan antzezlanaren abiapuntua. Agurtzane Intxaurragak zuzenduta, Miren Gaztañagak, Jabi Barandiaranek eta Iñake Irastorzak gorpuzten dute taula gainean. Duela urtebete inguru estreinatu zuten, eta denbora honetan zehar Euskal Herriko txoko ezberdinetan eskaini dute. Heldu den azaroaren 2an, arratsaldeko 19:00etan Hendaiako Mendi Zolan kulturgunean izanen dira.
Iñake Irastorza aktoreak bisita egin digu Antxeta Irratira, eta Zorretan antzezlanarekin oro har «oso pozik» daudela azaldu digu. Urtebete daramate oholtzetan jendeari lana eskaintzen, eta denbora tarte hori «oso azkar» pasa zaiola ohartarazi digu: «Estreinaldiaz urtebete beteko da urriaren 25ean. Emozio handiarekin gogoratzen dut. Oso ederra izan zen jendeak nola hartu zuen, eta urtebeteko bidea ere oso emankorra izan da».
Izan ere, beti kontakizun bera izan arren, antzerkia unearen eta momentuaren arabera aldatzen dela erdietsi du Irastorzak: «Emanaldi bakoitzean hainbat gauza gertatu daitezke, eta horrela izaten da zuzenekoetan. Publikoa ez da berdina izaten, eta gure aldartea ere ez. Momentu oro zerbait gertatzen da. Zuzenekoetan publikoarengandik gauza asko hartzen ditugu eta horrek momentuko emozioa aldatzen du, jendeak ez baitu beti berdin erantzuten. Espazioak berak ere aldatzen ditu gauzak. Oinarria bera da, baina gure tresna gure burua da: gure emozioak eta gure gorputza», azaldu du.
Amatasuna, zaintza eta maitasuna
Zorretan antzezlanean zehar egoera komiko, absurdo eta surrealistak txandakatuko dira, pertsonaien iraganaren, orainaren edota etorkizunaren artean jauziak eginez. «Absurdotik, errealismo magikotik eta poesiatik asko» duela adierazi du Irastorzak: «Ez da istorio lineal bat, denbora ezberdinekin jolasten baitugu. Errespetu pixka bat ematen zigun ea jendeak nola hartuko zuen, baina oso ondo ulertzen da», azaldu du.
Erran moduan, gauza anitz nahasiko dira emanaldian zehar. Baina, jauziak jauzi, gai potoloei buruz hausnarrarazi nahiko liokete publikoari. Zaintza da oinarri nagusienetako bat, eta akaso horrek sortzen du ikus-entzulearekiko hurbiltasun hori: «Lehenago edo beranduago denok biziko dugun zerbait da. Denoi gertatuko zaigu. Denbora askoan hitz egin ez den zerbait izan da, eta gaur egun behintzat hasi gara hitz egiten, oinarriak jartzen eta galdetzen: Zer da bizitza zaintzarik gabe? Nola biziko gara aurrerantzean ez bagara elkar zaintzen? Horretaz hitz egin behar da; hitz egiteak ez dakar ezer txarrik» erran du Irastorzak.
Hendaiako zorra kitatzeko prest
Heldu den azaroaren 2an, arratsaldeko 19:00etan Hendaiako Mendi Zolan kulturgunean taularatuko dute Zorretan antzezlana. Aipaturiko protagonistak ikusiko ditugu oholtza gainean, eta Irastorzak azaldu du lantaldean ere «oso esperientzia ederra» izan dutela: «Muntai honetan lan oso polita egin dugu. Hasiera-hasieratik ekipoa oso elkarrekin egon da, eta horrela izan behar da».
Pasa den martxoan XXV. Donostia antzerkia saria eskuratu zuen Zorretan antzezlanak, eta horrek ere lantaldeari «aitortza bat eta poza» eman ziola azaldu du aktoreak.