Gaur hasi dira Hendaiako Bixintxo eliza zaharberritzeko lanak. Herriko Etxeak aditzera eman duenez, lan horiek 2026ko urtarrilaren erdialdera arte jarraituko dute, eta bere lehen fase honetan, eraikinaren dorrea, nabeari eta hego transeptoan esku-hartuko dute bereziki. Ondoren, fatxada berritzeko kanpoko hormak garbituko dituzte, teilatuaren egurraren tratamendua egingo dute, eta aurreko teilatua margotzeaz gain, usoen habiak saihesteko burdin sare bat ere instalatuko dute. Bestalde, eskailerak ere eta beira-leihoak konponduko dituzte.
Monumentu historiko honen azken zaharberritzea 1986an egin zuten, eta orain, kanpoko zein barneko lanak beharrezkoak ziren. Iragarri dutenez, altzarien berritzea, berogailu sistema deskarbonizatzea eta beste hainbat egokitzapen ere egin dituzte. Proiektuaren inbestizamendua milioi eurotik gorakoa izanen da, eta 120.000 euro finantzatzeko helburuarekin, dohaintza kanpaina bat abiatu zuten iaz Hendaiako Herriko Etxeak eta Ondarearen Fundazioak «eliza herriarena izanik, guztion artean berritzeko» xedez.
Herriko ordezkariek nabarmendu dutenez, elizaren berritzearekin, Hendaiako kultura dinamizatuko da ere, hainbat kontzertu eta erakusketa antolatu ohi baitira bertan. XVII. mendean eraikitako elizak Hendaiako historiaren lekuko izan da. Besteak beste, 1659 urteko Pirinioetako Hitzarmenaren plaka oroigarria edota erdi aroko astrologia motiboak dituen kanpoaldeko gurutzea bisitari askoren erreklamu dira. Aldiz, eraikuntzak narriadura seinale larriak dauzka; hezetasunak, pitzadurak, egurrezko egitura hunkituak, edota usoen habien ondorioak.