Joan den larunbatean 67 urterekin zendu zen Xabier Manterola Hendaia Biltzeneko hautetsi eta militante abertzalea. Bizi oso bat kulturgintzari, Euskal Herriaren askapenaren aldeko borrokari eta prekaritatearen aurkako lanari eman ondoan, isilik eman zuen azken hatsa, ohean, bat-batean. Bere senide eta ondoko eta burkideek gaurko omenaldian oroitarazi duten moduan, zendu baina bi egun lehenago On Egin! dinamikaren sukaldean lanean aritu zen, Hendaiako prekarizatuenei otordu bero bat ematen, ortzegun arratsean.
Seme-alabek ireki dute omenaldia, eta ondotik, bere bizitzako garai ezberdinetan Manterolaren ondoan izandako hainbat lagunek hartu dute hitza: Akelarre dantza taldean, Iparretarrak talde armatuan, Uda Leku elkartean, EHBai alderdian, Hendaia Biltzen koalizioan eta herriko kontseiluan eta Hendaiako Gurutze Gorrian ibili zen, bertzeak bertze.