Irandatz auzoan biomasa berogailu-sistema berria martxan jarri dute ofizialki. Igerileku berria ez ezik, Irandatz Kolegioa, Gure Ikastola eta Irandatzeko gimnasioa berotzeko bideratuko dute instalazioa, eta Hendaiako herriko etxea, ENGIE Solutions, Estatuak ADEMEk emandako laguntzarekin eta Euskal Herri Elkargoak elkarlanean aurrera eraman dute proiektua, Europako FEDER diru-funtsak lagunduta. Orotara, 2,18 milioi euroko inbertsioa egin dute, eta horietatik 598.678€ herriko etxeak bideratu ditu.
Lurraldeko trantsizio energetikoaren irudikoa da 667 metro luze duen instalazio berria, eta aipatutako eskola eta udal zerbitzuak berotzeko 230 kW-ko bi biomasa galdaraz osatua dago. Hendaiako herriko etxeak argitu duenez, tokiko egurraren hornidurari esker, sare honek %90 batean energia berriztagarriarekin hornituko da, eta urtean 248 tona CO₂ igortzea saihestuko du. Hau da, auto termiko batekin 1,3 milioi kilometro baino gehiago egitearen baliokidea. Kontsumoaren gainerako %10a, gas naturalezko galdarek osatuko dute, baina kontsumo premia handien arabera martxan jarriko dituzte, besterik ez.
Proiektu honek tokiko energia trantsizioaren politika sendo baten barruan kokatzen dela azpimarratu dute agintariek. Azpiegitura berri honen helburuak hiru direla nabarmendu du Hendaiako herriko etxeak. Hiriko berokuntza kostua apaldu eta segurtatzea batetik, bestetik energia fosilen mendekotasuna murriztea, eta azkenik, tokiko ekonomia sostengatzea. Izan ere, urtero, 280 tona egur bideratuko dira instalazio honetara, eta herriko etxeak argitu du Hendaiatik 60 kilometro baino hurbilago dauden bi enpresetatik hornituko dutela. Kotte Ezenarro Hendaiako auzapezak azaldu duenez, «Urtero 310 tona egur erabiliko ditugu, eta hurbileko enpresa hornitzaileak direnez, aprobisionamendu arduratsua egingo dugu, zirkuitu laburra sustatuz eta bertako enplegua lagunduz».
Alde horretatik, berogailu sistema berriak autonomia handia izango du, biltegi-siloak 160m³ko gaitasuna baitu, eta horri esker, egurra garraiatzeko entregak mugatu ahal izango dituzte, neguan astean behin eta udan hiru astean behin egiteko, eta beraz, zarata eta trafikoaren kutsadura apalduko dute.