Egungo gehiengoaren “jakintza” eta oposizioaren “ideia berriak” uztartu nahi ditu 2026ko herriko hauteskundeetarako sortu den aliantza berriak. Pascal Destruhaut, orain arte oposizioko burua, proiektura batu da, Ezenarroren esperientzia eta egungo testuinguru politiko, ekonomiko eta sozial zailak eskatzen duten elkarlana azpimarratuz.
Destruhautk agerian utzi du Hendaia mugaz gaindiko erreferente bihurtzeko duen nahia. Bere hitzetan, mugan dagoen hiriak “aukera ikaragarria” du, eta ezin da “xehetasun txikietan trabatu”. Eta gazteek “etxetik gertu lan aukera errealak” izatea aldarrikatu du. Mugaz gaindiko industria-sarea eta erakunde arteko zubi sendoak garatzea funtsezkotzat jo ditu.
Kotte Ezenarrok azpimarratu du, sei urteko lanak erakutsi diola zein garrantzitsua den Estatuaren, Eskualdearen, Euskal Hirigune Elkargoaren eta Departamenduaren aurrean Hendaiaren interesak defendatzea, eta horretarako beharrezkoa dela lanerako gehiengo zabal eta kohesionatu bat.

Horrela, Hendaian hiru zerrenda ariko dira lehian: Hendaia Elkarrekin, Hendaia Biltzen talde abertzalea, eta seguruenik eskuinetik —edo eskuin muturraren ingurutik— aurkeztuko den beste hautagaitza bat, Vivre Hendaye izenekoa. Sare sozialetan harrabotsa eragin badute, eta sozialisten eta oposizioaren arteko aliantza espero gabe honek talde berriaren mehatxuarekin loturarik badu, oraindik ez dira ofizialki aurkeztu. Kotte Ezenarrok argi utzi du: bigarren itzulian ez da aliantzarik izanen.