Hendaiako Herriko Etxeak ofizialki inauguratu du Txiki Handi gunea, Lizardi auzoan berritu den Haizpean zahar etxearen eraikinean. Proiektua —Herriko Etxeak eta Departamenduak elkarrekin bultzatua— gizarte zerbitzuak, haurrentzako aisialdi eskaintza eta elkarteentzako espazioak leku bakarrean integratzeko sortu da, espazio moderno eta jasangarri batean.
Eraikinak honako zerbitzuak hartzen ditu: Aterperik Gabeko Aisialdi Zentroa, Elkartasun eta Gizarte Zerbitzuak, Ahalmen Urriko Helduentzako Laguntza Zerbitzua, eta gazteei laguntzen dien Mission Locale. Arraberritze lanek ingurumen-ikuspegia izan dute ardatz: isolamendu energetikoa hobetu da, instalazioak berritu dira, eta 250 metro koadroko eguzki panelak jarri dira.
Proiektuaren martxan jartzearekin batera, Intzura auzoko Autoport gunean zeuden Departamenduko hainbat zerbitzu Txiki Handira lekualdatu dira, erabilera koordinatuago eta eraginkorragoa bermatzeko. AEK ere bertara mugituko da bihar, lau gela izango dituela eta hiru urteko kontratua sinatuta.
Bestalde, Kotte Ecenarro auzapezak iragarri du Autoport eraikina datozen urteetan botatzeko edo moldatzeko aukera aztertzen ari direla, eta haren tokian sukalde zentral berri bat eraikitzeko aukera mahai gainean dutela, herriko eskolei zerbitzu hobea eskaintzeko.