Hendaiako Akelarre kultur elkarteak Olentzeroren harira antolatzen duen hitzordu berezia iristear da. Aurten 49. aldiz ospatuko da Olentzero Kantuz, herriko egutegian toki berezia duen tradizioa. Abenduaren 24an, 19:00etan, herriko plazan abiatuko da musikaz eta irriz beteriko arratsaldea.
Ekimenak bere berezitasunari eusten dio: parte hartzea guztiz irekia da, eta herritarrek aukera dute bakarka, bikoteka edo taldean abesteko. Urteak joan eta urteak etorri, kantaldia elkartzeko eta giro berezia sortzeko gune bilakatu da.
Prestaketen inguruan gehiago jakiteko, Inko Manterola Akelarre kultur elkarteko kidearekin hitz egin dugu. Haren hitzetan, "Olentzero Kantuz herriari bizia emateko eta tradizioa belaunaldiz belaunaldi transmititzeko modua da". Manterolak parte hartzera animatu ditu herritarrak, “bertan sortzen den giroa paregabea delako”.