euskal kulturaren aurkako erasoa

Hendaiako Olentzero andeatu dutela salatu du Akelarrek

Aimar Lopez 2025eko abenduaren 14a

Akelarre elkarteak Hendaiako Errepublika plazan urtero jartzen duen Olentzero hondatu dute larunbatetik iganderako gauean.

"Euskal kulturaren aurkako erasoa ote da?": galdera horrekin zabaldu du Akelarre elkarteak sare sozialetan berria. Jantziak kenduta eta hainbat elementu hautsita ernatu da gaur Hendaiako Olentzero Errepublika plazan. Ulertu ezinik dabiltza oraindik ere Akelarrekoak, haiek jartzen dute urtero bertan.

Sud Ouest egunkarian antzeko hitzak izan ditu Frédéric Tranché segurtasun hautetsiak ere, eta plazako komisaldegian dauden segurtasun kamerek egileak aurkitzea ahalbidetuko diela espero du. Momentuz, Olentzero dagoen etxola uhalez babestu dute, eta Akelarre elkartekoak lanean dira jada ikurra konpontzeko. Abenduaren 24an Olentzerori kantatuko diote dozenaka lagunek plazan, aurten 49. aldiz.