iker elizalde - laetitia navarron

Hendaia Biltzen: «Udalaren zorpetzea 30 milioikoa da, ezinen dugu nahiko genukeen guztia egin ondoko agintaldian, baina Hendaian bizi, lan eta jatea bermatzeko alternatiba dugu»

Koldo Nausia 2025eko abenduaren 18a

Hendaia Biltzenen arabera, mandatu honetan «Ezenarroren gehiengoak egin dituen inbertsioak gehiegizkoak izan dira, eta ez beti ondo pentsatuak». Horren ondorioz sortutako zorrak proiektu egingarriak eta ekonomikoki bideragarriak baizik ez ditu ahalbidetuko ondoko agintaldietan, baina etxebizitza eta prekaritatearen kontrako borroka lehentasunetan emanik, Laetitia Navarronen ustez, «argi agertzen da, gero eta gehiago, ezkerreko alternatiba bakarra Hendaia Biltzen dela».

2026-2032 agintaldirako bide orria finkatu eta hendaiarren beharrak asetuko dituen proiektua aurkeztu berri du Hendaia Biltzenek. Martxoaren 15eko eta 22ko udal hauteskundeei begira Laetitia Navarron aukeratu dute zerrenda buru, baina bi urtez landutako proiektu batetik datorren zerrenda osatu dutela argitu du hautagaiak berak. Paulo Arzelus, Céline Cotinat, Iker Elizalde, Ixa Eguiazabal, Claire Legardinier, Joseba Manterola, Isabelle Iriarte eta Jean Michel Garayar izango ditu bidelagun. «Bi urteko lana dela esan dezakegu, hasi ginen proiektu batzuk definitzen, eta uztailean bozkatu genituen, eta horren inguruan antolatu dugu gure lana eta zerrenda guztia», argitu du.

Egoera ekonomiko kezkagarria

Alde horretatik, hendaiarren beharrei erantzuteko, Navarronen ustez, «argi agertzen da, gero eta gehiago, ezkerreko proiektuetan oinarritzen den alternatiba bakarra Hendaia Biltzen garela». Hala ere, Iker Elizalde, udal ekonomia eta etxebizitza politikez arduratuko den zerrendakideak argitu duenez, ezin izango dute nahiko lituzketen proiektu guztiak haien herri programan eraman. Herriko etxearen desmartxa ekonomikoak, «hautu batzuk egitera behartzen gaitu, eta ondoko agintaldian ez da posible izanen nahiko genukeen guztia egitea, horregatik guretzat garrantzitsua zen ondo zehaztea zer egin eta nola diruztatuko dugun», argitu du Elizaldek. 

Hartara, proiektu jasangarriak, bideragarri edo egingarriak aurkeztu dituztelakoan dago Laetitia Navarron. «Mandatu honetan Kotte Ezenarroren gehiengoak egin dituen inbestizamenduak gehiegizkoak izan dira, ez beti ondo pentsatuak, eta gaur egun uzten ditu herriko etxeko kontuak egoera txar batean, pisua ukanen duena ondoko agintaldietan», salatu du. Egoera horri neurri hartu beharko zaiola diote Hendaia Biltzeneko ordezkariek. Gogoan hartzen baitute, 2014an udal gobernura lehen aldiz iritsi zirenean, egoera kezkagarria atxeman zutela, baina okerrera egin duela. «Hainbat indikadore daude, ez da guk esaten dugula, eta denak dira zenbaki gorritan. Zorpetzea 18 milioi eurotan zelako 2014an, eta gaur egun 30 milioi eurokoa da», argitu du Iker Elizaldek.

Oinarri eta gaitasun ekonomiko eskasekin, aurten udal inpostuak %7,5 emendatzea erabaki du Ezenarroren gobernuak. Eta udal hauteskundeei begira oposizioko talde nagusiarekin batzea erabaki badu Hendaia Elgarrekin hautagaitza osatzeko, Hendaia Biltzenek 5 ardatzetan oinarritutako beste hiri-eredu bat proposatzen die hendaiarrei. Lehentasunik handiena etxebizitzaren arazoa dela aitortzen dute, baina horri lotuta daude gainerako ardatzetako batzuk; prekaritatearen aurkako borroka, gizarte kohesioa, euskara eta mugikortasun jasangarria. Horretarako 16 milioi euroko inbertsio plana aurreikusten du Hendaia Biltzenek hurrengo agintaldian. Azkeneko honetan, Kotte Ecenarroren gobernuak 50 milioiko inbestizamenduak egin dituen bitartean.

Hendaian bizi, jan eta lan posible egitea

Laetitia Navarronek «prekaritatearen aurka egiteko eta bizi-kalitate orekatua lortzeko» borrokatuko dela hitzematen du. Eta horretarako, etxebizitza eskubidea bermatu beharra dagoela aldarrikatzen du. Gaur egun hendaiarren %70ak etxebizitza soziala eskuratzeko irizpideak betetzen dituela gogoan du, baina Iker Elizaldek etxebizitzaren arazoa sakonagoa dela dio, eta errotik heldu behar zaiola. «Bada hendaiarren beste %15 bat soziala eskuratzeko baldintzak betetzen ez dituena, baina merkatu pribatuan sartzeko gaitasunik ere ez duena», azaltzen du Elizaldek, «Hendaian gero eta jende gehiago dago autoetan lo egiten edo kanpalekuetan udako sasoian, urte osoko etxebizitza eskuragarria ez delako bermatzen ari».

Horri heltzeko, etxebizitza berriak eraikitzeaz gain, Hendaian dauden bigarren etxebizitzak, hutsak daudenak, eta Airbnb fenomenoaren ondorioz bertako familientzat urte osoko eskaintzatik kanpo geratzen direnak asko direla nabarmentzen du. Etxebizitza politika zuzentzeko 2,5 milioi euro eman nahi dituztela azaldu du Navarronek. «Herriko Etxeak zein lur eros ditzakeen identifikatzeko, eta etorkizuneko PLUari lotuta, Hiri-barnetik Geltokiraino eta Pausuko errepidearen eremuan etxeak egiteko», argitu du. Bestalde, herriko etxean etxebizitzaren gaia lantzeko eta behar diren indarrak bideratzeko langile bat kontratatzea proposatzen dute. «Ezingo dugu noski Hendaia osoa erosi, eta horregatik beste hainbat neurri ere beharrezkoak dira», argitu du Elizaldek.

Bide horretatik, «erregulazioa eta laguntzak» aurreikusten dituzte. Batetik, konpentsazio neurria aplikatzea eta errespetarazteko. Eta bestetik, alokairu prezioen kontrolatzeko, eta urte osoko etxebizitzak merkatura atera daitezen, jabe pribatuei alokairuan animatzeko neurriak.

Aipatutako lur erosketa eta azterlanak, etxebizitza ez ezik, jarduera ekonomiko berriak garatzeko aukerak ere aintzat hartuko ditu. «Hendaian bizitzeko, lana duina behar da, baita jan ere», eta Navarronek aspaldiko proiektu bat gauzatzeko asmoa du ere, horri begira, tokiko elikadura jasangarria eta osasuntsua sustatzeko: «2M€ aurreikusten ditugu denda sozial eta solidarioa sortzeko, eta horrekin sukalde zentrala eta jangela duen espazio bat».

Beste ardatz estrategiko eta ideologiko batzuk 

Era berean, espazio publikoen eta berdeguneen artapena egiteko 3M€, eta inbertsiorik handiena bideen egoera konpontzeko, errepide-sarearen azterketa eta sailkapena egiteko, eta oinezko zein bizikleta ibilbideak osatzeko izango da, 6M€. Sopite auzoan futbol zelai sintetikoa egiteko 1.800.000€ aurreikusten dituzte, eta beste proiektu estrategikoen artean dute euskararen defentsa egitea. «Inbertsio handiak baino borondatea behar da horretarako, eta badugu, baina udaletik euskara indartzeko dirua bideratu behar baldin bada, aurretik esan dugun egoera ekonomikoa, eta zorrek suposatzen dituzten komisio gastuek aukerak murrizten dituzte», ohartarazi du hautagaiak. 

Bestalde, gizarte loturak sendotzea eta belaunaldien arteko harremanak estutu nahi dituzte, eta gizarte kohesioaren aldetik, hauteskundeen atarian gauden honetan, «xenofobia eta jarrera atzerakoiei, beldurraren diskurtsoari eta segurtasunaren inguruko demagogiari» tinko aurre egiteko prest azaldu da Navarron. «Herriko etxeak polizia munizipala armatuz edota azken urteetan instalatu dituzten 50 bideozaintza kamera baino gehiagorekin herritarrei ematen dien mezuarekin ez gatoz bat, eta ez dago daturik baieztatzen duenik horrek segurtasuna deus hobetu duenik», dio Hendaia Biltzeneko ordezkariak.