Hotz handiagatik abisu horia dugun egunotan, kale gorri egoeran diren pertsonekin pentsatuz lan egiten duten erakunde eta boluntarioen elkartasuna funtsezkoa da. Gure eskualdean, Irungo eta Hondarribiko udalek kudeatzen duten Irungo Zubia gizarteratze zentroan 29 oheko aterpetxea eskaintzen duten 8 gradutik beherako gauetan. Eta Hendaian, Gizarte Ekintzarako Herriko Zentroak (GEHZ) eta Gurutze Gorriak kudeatzen duten Intzura industriaguneko aterpetxeak 12 ohe eskaintzen ditu.
Txomin Elizondo, GEHZko zuzendariak aitortzen duenez, 2024an ateak zabaldu zituztenetik, 30 lagun inguru «identifikatuak eta ezagunak» dituzte Hendaiako kaleetan bizitzen. Hala ere, horren bikoitza izan daiteke ohiko mugimendua eskualdean mugaz gaindiko mugikortasuna dela eta. «Hendaiara hurbiltzen dira Irundik eta inguruko herrietatik asko, mugimendu bat badago», azaldu digu.
Dena den, eguneko harrera zerbitzua eskaintzeko, 2005ean boluntarioek sortutako Txoko elkarteak ere, kafe bero bat, zerbait jateko, oinarrizko higiene zerbitzua, arropa garbitzeko, edota egun hotzenetan besterik gabe goxo egoteko aukera ematen du bere Hendaiako egoitzan. «Txoko elkartearen lana oso garrantzitsua da guretzat», aitortzen du Elizondok. Izan ere, egunean zehar prekaritatean diren pertsonak babesteko erreferentziazko gunea da.

Xan Berasategi, Txoko elkarteko kidea da, eta argitu duenez, kale gorri egoeran ez ezik beharretan diren profil ugariko pertsonak hurbiltzen dira bertara egunero. «Kalean diren pertsonak izan ohi dira, baina harritu gaitu ikustea zenbat jende baden Hendaian, autoan, autokarabana batean, edo lagun baten etxean aterpetua bizitzen, lan kontratu prekarioekin eta zailtasun handietan aurkitzen dena», ohartarazi du.
Haientzat guztientzat, Txoko elkartea babes eta arnasgune bilakatzen da. Eta hain justu, elkarteko boluntarioek egiten duten lan hau sostengatzeko, diru eta material bilketa bat egin dute joan den abenduan Piarres Larzabal Kolegioko ikasleek. Xan Berasategi, Txoko elkarteko kideaz gain, Piarres Larzabal Kolegioko irakaslea da, eta azaldu digunez, bilketa ederra egin dute kolegioko ikasleek.
Ekintzaren antolaketan, maila guztietako 13 ikaslek hartu dute parte, txandaka proiektuaren bilakaera eta aitzinamendua aurkeztuz. Bilketari esker, 20 bizar mozteko botila, 200 bizar mozteko labanak, 31 xanpu botila, 106 xaboi, 64 hortzetako pasta, 108 hortz-eskuila, 99 galtzerdi pare eta 4.950 kotoizko txotx bildu dituzte. Gainera, gosari salmentari esker, 1.441,32 euro lortu dituzte Txoko elkartea laguntzeko.