Radon gasaren erradiazio naturalari buruzko informazio bilkura eginen dute Hendaian

Antxeta Irratia 2026ko urtarrilaren 5a

Lurrak naturalki askatzen duen radona gasaren erradiazioaren arriskuei buruzko hitzaldia antolatu du CPIE erakundeak Hendaiako Asporotsttipin urtarrilaren 30ean. ARS eta ASNR erakundeekin lankidetzan, norbere etxean gas honen presentzia neurtzeko dosimetroak banatuko dituzte parte-hartzaileen artean. Adituen arabera, aire librean gas honek ez du inolako arazorik sortzen, baina espazio itxietan arriskutsua izan daiteke gizakion osasunarentzako, biriketako minbiziaren eragile baita.

Hendaiako CPIE/IHEZI Euskal Itsasbazterrak ASNR (Autorité de sureté nucléaire et de radioprotection) eta Akitania Berriko ARS osasun erakundearekin lankidetzan, radon gasari lotutako osasun arriskuez eta hartu beharreko prebentzio neurriez informatzeko bilera publikoa antolatu dute urtarrilaren 30ean (10:00etan). Asporotsttipi euskal erlaitzako interpretazio zentroan egingo dute, eta bertan, parte-hartzaileei norbere etxean radoi kopurua neurtzeko dosimetroak banatuko dizkiete. Dosimetroak jasoko dituztenek, aldiz, tresna itzultzeko konpromisoa idatziz eman beharko dute.

Bileran parte hartzeko aitzinetik hemen izena eman beharra dago, eta gehiago jakin nahi duenak, 05 59 74 16 18 telefonora deitu dezake, edota abbadia.cpie.accueil@cpie-hendaye.fr posta elektronikora idatzi.

Radoi gasaren erradiazio naturala

Gizakiak gaur egun pairatzen duen erradiazioaren erdia radoi gasaren ondorioz pilatzen duela ondorioztatu dute Munduko Osasunaren Erakundeak egindako azken azterketek. Berez, radon edo radona, erradiazio naturala ematen duen iturri bat da, baina kaltegarria izan daiteke. Lurraren oinarriko materialetatik igarotzen den, kolorerik gabeko, usainik gabeko eta zaporerik gabeko gas bat da, bereziki granitozko egitura naturaletatik eratortzen dena, eta lurretik iragazten dena airean zabalduz.

Adituek diotenez, kanpoan aire librean, gas honek ez du inolako arazorik sortzen. Baina ikerketa askoren arabera, espazio itxietan, etxeetan edo lantokietan, gas hau arriskutsua izan daiteke gizakion osasunarentzako, baita kontzentrazio ertainekoetan ere. Izan ere, gas honen esposizio luzeak arnas-bideetatik biriketako minbiziaren aukerak nabarmen handitzen ditu.

Zehazki, Munduko Osasun Erakundearen datuen arabera, radonak biriketako minbizi guztien %3 eta %14 artean eragiten du. Eta tabako erretzaileen kasuan, gas horrekin denbora luzez kontaktuan egoteak arriskua 25 aldiz handiagoa da.

Radoi gasak uranioa, torioa eta radioa bezalako elementu kimikoetan deskonposatzen da, eta lurrean, uretan eta eraikuntza materialetan egon daitezke. Eta gaur egun, Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Ikerketa Zentroak (CIIC) radona gizakientzako substantzia minbizi sortzaileen zerrendan onartu du

Era berean, dagoeneko, Frantzia zein Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Agentziek radon isuri-eremuen kartografiak osatu dituzte. Eta prebentzio neurri eta informazio plan ezberdinak abian jarri dituzte azken urteetan. bistan denez, mendilerro masa handiak dituzten eskualdeetan (Pirinioetan), eta bereziki granitozko egitura daukaten mendietan gas honen presentzia handiagoa da. Gure eskualdean, Aiako Harria eta Larhun mendiak, adibidez.