Gabonak atzean utzi dituzte Hendaian, eta urtarrilaren 16tik 25era Bixintxo Bestak begiz jota dituzte dagoeneko. Baina egunotan, herriko etxeak gabonetako pinu edo izeiak biltzeko guneak ezarri ditu. Gero eta gutxiago dira naturalak erabiltzen dituztenak, baina kasu horietan, hauek bildu eta ondotik, birrindu egingo dituzte, eta materia lehor gisa erabiliko dituzte herriko konpostagailu kolektiboentzat. Hain justu, 2023an Hendaiako herriko etxeak eta Bil Ta Garbik Pellot karrikan (Harrixabaleta-Partxetegia auzoan) eta Flora biribilgunean (Zokoburun) ezarritako konpostagailuetara bideratuko dute hondakin organiko hau.
Atzo hasi ziren izeiak biltzen, eta urtarrilaren 18ra arte herriko zazpi lekutan utz daitezke bilketa guneetan. Irandatzeko parkean (beheko partean), Ondarraitz kirol-zelaian (aparkalekuan), Dongoxenian (haurtzaindegiko aparkalekuan), Orio auzoan (joko-eremuan), Intzura auzoan (Denentzat Gizarte Zentroan), Florako biribilgunean (Zokoburun) eta Gaztelu Zaharreko berdegunean.