Mikel Larralde: «Unai Amiano Hendaiara ekartzea ezinbesteko baldintza jarri genuen Bixintxotako pilota jaialdirako»

Koldo Nausia 2026ko urtarrilaren 7a

Endaiarrak pilota elkarteak urtarrilaren 23an Daniel Ugarte pilotalekuan antolatu duen pilota gaualdiko kartel nagusia, A Serieko P. Etxeberria-Rezusta eta Larrazabal-Mariezkurrena II bada ere, Unai Amiano irundarraren B Serieko partidak ikusmina piztu du Bidasoaldeko zaleen artean. Profesionaletan irailean estreinatu eta azaroan 4 ½ B Seriearen finala Irunen jokatu ondotik, Binazkako Txapelketaren partida erabakigarria jokatuko du Eskirozekin batera Hendaian. www.entradasfronton.com atarian sarrerak agortu ziren aspaldi, baina Endaiarrak elkartearekin erreserbatzen dutenentzat oraindik ere badira.

Pilota zaleek bi partida handi gozatu ahalko dituzte Beltzenian urtarrilaren 23an. Bixintxo Besten karietara Endaiarrak pilota elkarteak herriko etxearekin duen akordioa da aspalditik. Eta pilota denboraldi bete-betean murgilduak gauden honetan, A Serieko P. Etxeberria-Rezusta eta Larrazabal-Mariezkurrena II izango da kartel nagusia. Mikel Larralde, Endaiarrak pilota elkarteko presidenteak azaldu digunez, Altuna ekarri nahi izan dute, baina A Serieko partida enpresak agintzen duenez, aukeran emandakoen artean hautatu behar izan dute. «Azken urteetan pilotari handiak izan ditugu Hendaian, Olaizola, Martinez de Irujo, Bengoetxea... baina izar bat baldin bada gaur egun besteei kendu gabe beren balorea, Jokin Altuna da, eta guretzat amets bat bilakatzen ari da, edo amets txar bat, ez baita sekula etortzen, baina esperantza ez dugu galtzen», aitortu du. 

Hala ere, Hendaiako pilota partidak Daniel Ugarte pilotalekuko harmailetako 840 bat lekuak betetzeko haina zaleen ikusmina piztuko badu ere, B Serieko partidak pizgarri berezia du. Izan ere, Unai Amiano (21 urte) pilotari irundarrak Eskirozekin batera jokatuko du Dario-Lozaren aurka. Martxoaren 21eko finala urrun geratzen bada ere, Sailkapen Ligaren bigarren itzuliaren hasierako partida izango da, eta Amiano sailkapenean ongi kokatua dago. Txapelketarako play-off postuak zehazteko erabakigarria izango da partida.

Hendaiako elkarteak argitzen duenez, eskualdeko pilotazaleen ikusmina piztuko zuela kontuan hartuta, kartela osatzerakoan irundarra ekartzeko tematu egin dira. Mikel Larraldek azaldu digunez, «Amiano Hendaiara ekartzea ezinbesteko baldintza jarri genuen Bixintxotako pilota jaialdirako». Irailean profesionaletara jauzia eman zuenetik, ikusmina piztu du eta azaroan 4 ½ B Seriearen finala Irunen jokatu ondotik, Binazkako Txapelketaren partida erabakigarria jokatuko du Hendaian. Kontuan hartu behar baita gainera, klubak gaur egun dituen 150 bat federatuen artean, Iker Amiano (Unairen anaia) ere trinketean ari dela Endaiarrak pilota elkartean, eta Mikel Larralde bera da bere entrenatzailea. 

Aukera paregabea izango da beraz, bidasotarrentzat Amiano zuzenean ikusteko. Azken aldian ohikoa bilakatu bada ere. Hain justu, Irungo Uranzu frontoian ariko da Unai Amiano ondoko astean ere, (etxean jokatuko duen hirugarren aldia). Urtarrilaren 30ean izango da Salaberria-Gaskue / Amiano-Eskirozen artekoa. Eta A Serieko partida, aldiz, Zabala-Martija / Larrazabal-Mariezkurrena II.

Hendaiarako sarrerak

Esan bezala, Hendaiako Daniel Ugarte pilotalekuaren harmailak 840 leku inguru dauzka. Eta handia izanagatik ere, Bixintxotako gaualdian bete ohi dute. Aurtengo jaialdirako 400 bat sarrera saldu ditu dagoeneko Endaiarrak elkarteak zuzenean, eta aurten lehen aldikotz Internet bidez ere wwww.entradasfronton.com atarian 100 txartel salgai jarri dituzte. Larraldek argitu duenez, «Internet bidezkoak berehala agortu ziren eta jendeak pentsatzen du betea dagoela, baina Endaiarrak elkartean saltzen ditugu gainerako guztiak». Hortaz, oraindik ere lekua bada urtarrilaren 23rako.

Aurresalmentan endaiarrak.eskupilota@orange.fr helbidera idatziz, eta Endaiarrak pilota elkartera deituz (Iparraldetik 0687 537 313 eta Hegoaldetik +0033 687 537 313) eskura daitezke 25 eurotan. Hala ere, Endaiarrak elkarteak urtero «pilota zaletasuna gazteen artean sustatzeko» egin ohi duen bezala, kitorik erreserba daitezke 18 urtez azpikoentzat.