Urtarrilaren 24an Hendaiako kaleak danbor hotsez betetzeko prest dira 10 auzo eta elkarte

Aitor Errazkin 2026ko urtarrilaren 19a

Hendaiako Bixintxo besten Danborradak 19 urte betetzen ditu aurten. Urtarrilaren 24an, larunbatean, orotara 10 elkarte eta auzotako danborrada talde bilduko ditu. Eta goizetik herriko kaleetatik ibiliko dira auzoka elkarteekin binazkaturik. Elkarretaratze nagusia, aldiz, arratsaldeko 18:00etan eginen dute Errepublika plazan burrunba handirako.

 

Hendaiako Danborrada 2007 urtean sortu zen. Eta geroztik urtez urte, herriko elkarte eta eskualdeko bizilagunen parte hartze nabarmena izan du. Piskanak errotzen joan bada, Donostia eta Azpeitiko danborraden ondoko asteburuan ospatzen denez, urtero gonbidatu izan dute haietako danborrada talderen bat Hendaiara. Eta urteak joan urteak etorri, Rene Zugarramurdik Hendaiako danborradarako sortutako musika piezak ere harrotasuna ekarri du hendaiarrentzat. Hendaiako Ereserkia ez ezik, Subernoa bezalako berezko piezak jotzen baitituzte.

Pasa den larunbatean Entsegu Nagusia ospatu zuten plazan. Eta bertan, danborradan parte hartzen duten 5 auzo eta elkarteetako banderak banatu zituzten. Inko Manterola, Akelarre elkarteko danbor nagusiarekin hitz egin dugu gehiago jakin nahian. Eta urtarrilaren 24ko danbor hotsen gosez, egun handirako egitarauaren berri ere eman digu. 

Azaldu digunez, 12:00etan danborrada batzuk elkartuko dira Gaztelu aretoan, Hondarraitz auzoan eta klubaren aitzinean. Batzuk eta besteak elkarrekin bazkalduko dute elkarte gastronomikoetan. Eta 15:00etatik aurrera, auzoetako danborradek, Intzura, Geltokia, Harrixabaleta eta Hondarraitz auzoetan ibiliko dira, eta 18:00etan hiri-barnetik ibiliko dira, herriko plazan elkartuz. Larunbateko egitaraua borobiltzeko, gaueko 21:00etatik aurrera Bacano taldearen kontzertua programatu dute Gaztelu aretoan.