12 milioi euroren truke heldu da Hendaiara igerilekuan berriz ere murgiltzeko aukera. “Eguzkilore” igerileku zaharrak aski eman zuen 40 urte ondotik, eta 2023 bukaeran hetsi zuten, kloro isuri arazoen ondotik. 2024ko irailean hasi ziren berria eraikitzen, eta astelehenean ireki zituen ateak; gaur goizean estreinatu dute ofizialki.
Kotte Ezenarro auzapezak azpimarratu du “azpiegitura irekia, iraunkorra, osoa eta kalitate handikoa” dela. Ahalmen urrikoentzat erabat irisgarria da eraikina baita bi putzuak ere, eta eraikin iraunkorra den heinean, teilatuan landareak ditu, komunean euri ura erabiltzen dute, eta igerilekutik alboratzen den ura gordetzen da, ondotik herriko zerbitzuek karrikak garbitzeko erabili dezaten.
Igerilekuak bi putzu ditu: bat ur-gimnastika egiteko eta familian ibiltzeko, Emmanuel Jimenez igerilekuko arduradunak azaldu digunez. Bertzea berriz igeriketa arrunterako bakarrik erabiliko dute: sei errail ditu, zaharrak baina bi gehiago. Horri esker jarduera ezberdinak aldi berean egiten ahalko dituztela dio Jimenezek; eskolak edo elkarteak erabiltzen ari badira ere, errail batzuk libre utziko baitituzte erabilera librean dabiltzan igerilarientzat.
“Aurrekoa baino igerileku zabalagoa dugu, eta ordutegiak ere zabalagoak dira”, Jimenezek aipatu duenez. Izan ere, astelehenetik igandera irekia izateaz gain -igandetan 9:00tatik 13:00etara-, astearte eta ostegunetan goizean goiz -07:00tatik 09:00tara- eta gauera arte -17:00etatik 21:00tara- irekiko dute, baita eguerdian aste egun guztietan ere. Ordutegiak osorik herriko etxearen webgunean ikus daitezke.
Inbertsio handia, herena partaideen eskutik
12 milioi euroko kostua izan du igerilekuak, Euskal Hirigune elkargoak 2,5 milioi diruztatu ditu, Pirinio Atlantikoetako departamendu kontseiluak milioi bat, elkargoak banaturiko Frantziar gobernuaren 300.000€ ere jaso ditu herriko etxeak, baita Europar Batasunaren FEDER eskualdeen garapen ekonomikorako funtsetik 200.000 euro ere, Akitania Berriko eskualde kontseiluak banaturik. Orotara, beraz, 8 milioi euro inguruko kostua izan du proiektuak Hendaiako herriko etxearentzat. Azpiegitura beharrezkoa izanik ere, herriko kontuen defizitari gehituko zaion pisu nabarmena.
Jarduera andana, etxeko txiki eta handientzat
Elkarte eta eskolez gain, herriko etxeak ere jarduera eta kurtso andana proposatuko ditu heldu den astetik landa igerilekuan. Haurrentzat eta helduentzat urari beldurra kentzeko tailerrak, udal igeriketa eskola haur, nerabe eta helduentzat eta uretako gimnasia kurtsoak izanen dira. Hauetan izena emateko igerilekura hurbildu behar da.