Hendaiako herriko etxeak bidean erne egoteko deia luzatu die hendaiarrei. Izan ere, herri osoa 30eko eremua izendatu dute ofizialki, eta herritarren mugitzeko ohiturak aldatu bitartean, auto gidariak, txirrindulariak eta oinezkoak karriken funtzionamendu berriarekin kasu emateko galdegin dute.
Baimenduriko abiadura gorena murriztu egin dute ia Hendaia osoan. Neurri honen helburua da eguneroko desplazamenduetan mugikortasunq eztitzea, eta karriken zirkulazioen arteko oreka aurkitzea. Bereziki, bizikleten zirkulazioa erraztu nahi dute, eta eremu publikoa lasaitu. Horretarako, zirkulazio handiena duten bide nagusietan izan ezik, hiri eremu osoan 30eko abiadura muga ezarri dute, eta txirrindulariak bi noranzkoetan ibili ahalko dira bide horietan, ezarritako seinaleek kontrako ez badiote. Salbuespen bakarrak Enperadorearen hiribidea, Pausu karrika (Rue de Behobie D810), Hapetenea karrika eta Erlaitzako Itsas Hegiko bidean D912 (Lizardi etorbidearen bidegurutzeraino) dira.
Segurtasun handiagoa, kutsadura gutxiago
Udal agintariek argitu dutenez, mugikortasun jasangarriaren aldeko apustu garbia egin nahi izan dute, eta aldi berean, herritarren segurtasuna hobetu. Izan ere, oinezko batek 8,5 aldiz aukera gehiago ditu 30 km/h-ko istripu batetik bizirik ateratzeko 50 km/h-ko abiaduran gertatutakoa baino. Hortaz, neurri horrek oinezkoak eta txirrindulariak babestu nahi ditu bereziki. Bestalde, neurri honen harira herriko etxeak beste zenbait neurri hartuko dituela iragarri du, besteak beste, espaloiak zabaldu eta bizikleta bideak osatuz. Betiere, ibilgailu motordunen abiadura moteltzea, segurtasuna handitzea eta kutsadura akustikoa apaltze aldera. Diotenez, zirkulazioa moteltzearekin bat-bateko azeleratze eta frenatzeak mugatuko dituzte, eta horren ondorioz, ibilgailuen harrabotsa 1,4/3 dezibel artean apaltzea lortuko dute herritarren bizi kalitatea hobetuz.
