Akelarre eta Baleak elkarteak hustu eta sartzeko debekua agindu du udalak

Koldo Nausia 2026ko urtarrilaren 29a

Hiri barneko Askatasuna karrikaren 3.eko eraikinaren tximinia erori eta teilatua hondatu da. Eraikinaren egonkortasuna zalantzan dagoela egiaztatu dute atzo egindako azterketa teknikoek. Hortaz, batimendua egonkorra dela segurtatu artean elkarteek ezingo dituzte lokalak erabili. Eraikin honetan badira bi hamarkada ez dela inor bizi, baina euskal eragile askoren topagune dira elkarteen bi egoitza hauek.

Hendaiako hiri-barneko Askatasuna karrikaren 3. zenbakian dagoen eraikina berehala husteko eta erabiltzea debekatzeko agindua eman du Kotte Ezenarro auzapezak. Urtarrilaren 28an 16:00etan egindako ikuskapen tekniko baten ondoren, eraikinaren tximinia teilatura erori dela egiaztatu dute. Eta horren ondorioz, teilatua hondatuta dagoela eta eraikinaren egonkortasuna zalantzan dagoela.

Egoera honek pertsonen segurtasuna arriskuan jartzen duenez, eraikina erabat hustu behar da. Dagoeneko debekatuta dago bertan sartzea, eta salbuespen bakarra segurtasun-lanak egiteko baimendutako esku-hartze teknikoak egiteko izango dira, herriko etxearen aldez aurreko baimenarekin.

Eraikin honetan (beheko solairua eta etxebizitzen hiru solairu) badira bi hamarkada ez dela inor bizi. Baina beheko solairuetan Akelarre eta Baleak elkarteen egoitzak daude, eta jabeek egin beharko dituzten azterketa teknikoen arabera, lokalak hustu beharko dituzte. Herriko etxeak aseguru-etxeekin harremanetan jartzeko agindu die dagoeneko. Elkarteek aditzera eman dutenez, mementoz sartzeko debekua agindu diete, baina beren lokalera itzuli ahal izatea espero dute.

Inko Manterola, Akelarre elkarteko kideak azaldu digunez, «oro har batimendua hunkitua den edo bakarrik teilatua den, eta konpongarria ote den argitu behar da, espero dugu hori dela bakarrik». Egoitza historikoa dela gogoratzen du, eta Akelarre elkartearen historiaren oroigarri anitz gordetzen dituztela bertan, baita artxibo guztiak eta euskal dantza taldearen jantziak ere. Izan ere, 1974. urtean sortutako euskal kultur elkarte honen egoitza izan da azken 45 urteetan, eta azken aldian lokala biziaraztea lortu dutela dio Manterolak. «Euskara praktikak egiten ditu Mintzaian euskara elkarteak bertan, Kantuz Kantu tailerra egiteko erabiltzen dugu eta dantza taldeko jostunek jantziak egiten dituzte barruan, material asko dugu han gordea», dio.

Joan den astean bertan, Bixintxotako Danborrada amaitutakoan gaualdia ospatu zuten bertan. «Ez da bakarrik elkartearen lokala, hendaiar guztiena baizik, edozertarako erabili daitekeena, musika tailerrak, bilerak edota pintxo-poteak egin ohi dira hor», gogoratzen du. Alde horretatik, Baleak elkartea ere nabarmen hunkitua izan dela aditzera eman digute elkarteko kideek. Aldameneko Ereinotz karrikan kokatua bada ere, eraikin beraren parte da. Eta mementoz ostiralean 19:00etatik 22:00etara astero antolatzen duten pintxo-potea bertan behera utzi dute.