Txapel beltza janzteko prest daude sei buru, baina bide pixka bat bada oraindik. Final berritua du Xilabak, eta larunbatean Donibane Lohizuneko Jai Alain izanen da hortaz gozatzeko aukera. Aitor Servier, Elixabet Etxandi, Irantzu Idoate, Maddalen Arzallus, Maddi Ane Txoperena eta Miren Artetxe ariko dira txapela lortzeko lehian, eta bidean aitzinen ailegatzen denari Maialen Hiribarrenek jantziko dio txapela. Arratsaldeko 17:00ean hasiko da saioa.
Sei buru horietatik hiru hendaiarrak dira. Miren Artetxe, Maddi Ane Txoperena edo Maddalen Arzallus izan daiteke aurtengo Xilabako txapeldun berria. Finaleko atarian sentitzen dutenaren berri izan dugu Antxeta Irratian.
Miren Artetxe: «Orain arteko saioetan lortu dut gozatzea eta nahi nuenetik hurbil kantatzea. Ez arras, eta hori izanen dut erronka»
Finala eginen den herrian bertan, Donibane Lohizunen izan genuen Miren Artetxe Sarasolaren bizipenak jasotzeko aukera, finalaren prentsaurrekoaren ostean. Egindako bideaz kontent eta egitekoak kontuan hartuta agertu zen: «Emaitza ona izan da oraingoz. Hiru saio izan dira, eta hiru saioetan lortu dut gozatzea eta nahi nuenetik hurbil kantatzea. Ez arras, eta beraz, hori izanen dut erronka orain» kontatu zuen.
Inoiz baino gazteago den final bat izanen dela irakurri dugu nonahi, eta hori ere nabari du Artetxek: «Ez ditut estatistikak, baina nire begietara iruditzen zait gaztetu dela finala. Baina argiki, ni ere zahartu naizelako da hori. Polita da ikustea gazteenetik zaharrenera badela hamarkada pare bat, hori delako Iparraldeko bertso mugimenduaren arrakastaren seinale, eta uste dut poztekoa dela», adierazi du.
Aurten, sei finalistetatik bortz emakumeak izanen dira, eta horri buruz ere hausnartu du: «Bertso-eskolak sortu zirelarik pentsatzen genuen denek ukatea bertso-eskolara sarbidea aski izanen zela demokratizatzeko bertsolaritza genero-ikuspegitik. Eta ez da hala izan. Behar izan da lan gehigarri bat egin emazteentzat ere bizigarri izan zedin bertso mundua, eta ikusten da emaitzak eman dituela. Feminismotik lan anitz egin da eremu anitzetan, eta horrelako plaza bat ikustea finalean pozgarria da».
Maddi Ane Txoperena: «Kontzienteago noa, helburu argiagoekin eta bertso maila handiagoarekin».
Bigarren finala izanen du Maddi Ane Txoperena Iribarrenek. Lau urte pasatu dira 2021ean lehendabiziko aldiz Xilabako finalean kantatu zuenetik, eta sentsazio ezberdinak ditu: «Duela lau urteko finalarekin alderatuta erabat desberdin naizela uste dut. Antzekotasunak ditut ilusioan, gogoan, pozean. Baina kontzientzia maila erabat diferentea da. Duela lau urte ez nekien zer zen finalean kantatzea, eta xalotasunetik edo jakinminetik bizi nuen. Oraingoan aldiz badakit zer den final bat; ezagutzen dut plaza hori eta sentitzen dut bertso ibilbidean ere urrats bat eman dudala denbora honetan. Lau urte hauetan etengabe ibili naiz bertsolaritza lantzen, eta plaza dezentetan kantatzeko aukera izan dut. Esperientzia horrekin heldu naiz», azaldu du.
Sentsazioak ezberdin, eta helburuak ere bai: «Duela lau urte nire helburu bakarra saio txukun bat egitea eta kontent gelditzea zen. Helburu hori badut aurten ere, baina koska bat gorago igo nahi nuke. Argi eta garbi: buruz-burukoan kantatzeak ikaragarrizko ilusioa eginen lidake, eta beraz, saiatuko naiz ahalik eta saiorik onena egiten hori lortu ahal izateko. Iritsiko banintz, txapelaren bila joanen nintzateke dudarik gabe. Bistan da, ez badut lortzen ez zait mundua bukatuko, baina zentzu horretan kontzienteago noa, helburu argiagoekin, eta bertso maila handiagoarekin».
Txoperenari orain arte txapelketa honetan egin duen bideaz aritzeko eskatu diogu: «Nire bidea alde batetik luzea izan da. Lehendabiziko saioan kantatu nuen, eta zorionez azkenekoan ere kantatuko dut. Prestaketa ere aspaldi hasi genuen, duela urtebete inguru. Baina bide pozgarria izan da. Hiru saioetatik hirurak irabaztea lortu dut eta hori ikaragarria da. Emozionalki gorabeheratsua izan da; normalki saioetan gure aurpegirik onena erakusten dugu, baina hor gibelean ere badira momentu txarrak, beldurrak eta segurtasun gabeziak».
Maddalen Arzallus: «Inoiz baino lasaiago eta gogotsuago nago. Nahi dut larunbatekoan finalean egon, gozatu eta momentu hori bizi»
Maddalen Arzallus Antia maiz ikusi dugu Xilabako finaleko oholtzan. 2008an izan zuen bere lehendabiziko parte hartzea txapelketan, eta geroztik, gauza ugari aldatu direla nabarmendu du: «2008ko lehen Xilaba hartatik denbora asko pasatu da. 18 urte pasatu dira, eta nik Xilaba hartan nuenarekiko bizitza doblea dut orain. Gauza asko aldatu dira, baina nik azpimarratuko nuke jendea aldatu dela. Bertsozale kopurua, profila, zein jende eta zenbat jende hurbiltzen den… Lehen txapelketa hartan ez zen dena erreza izan eta gelak betetzen batzuetan zailtasunak izaten ziren. Aurtengo txapelketan berriz, sekulako jendetza izan da saioz-saio, eta gustatuko litzaidake finalean jende guzti horri omenaldi bat egitea eta horiek balioan jartzea».
Burua prestatzeko lasaigarri zaio larunbateko eguna irudikatzea, eta gainera, baikorki egiten duen ariketa da: «Larunbateko finala bereziki asko irudikatu dut. Nire lanketa mentala azken bi aste hauetan horretan oinarritu da. Etengabe momentu on eta goxo bat irudikatzen dut, eta olatu guztiak alde. Kontra heldu diren olatuei ere modu positiboan erantzuten diet nire buruan, eta egia esan asko laguntzen ari dit horrek. Onartu behar dut sekula baino lasaiago eta gogotsuago nagoela. Astea luze egiten ari zait! Nahi dut momentu horretan egon, gozatu eta momentu hori bizi», azaldu du.
Bideek bidea, eta bakoitzak berea. Arzallusek ere egin du orain artekoaren errepasoa: «Ez dut ukatuko, nire aurtengo txapelketa ez dela bereziki erreza izan. Lehen saioan oso gogotsu aritu nintzen eta gogoz ekin nion, baina geroztik pixka bat gehiago kostatu zait bide honetan aurrera nahi bezala edo uste bezala egitea. Baina ez nau horrek kezkatzen. Konfidantza dut nire buruarengan, badakidalako oholtzatik kanpo zein bide egin dudan. Segur naiz oholtza gainean egitea lortu dudana, egun onetan eta bereziki txarretan, oholtza kanpotik egin dudan bide horri esker izan dela. Beraz, gertatzen dena gertatzen dela, ontzat ematen dut nire orain arteko bidea».
Euskal Irratietan zuzeneko emankizuna eginen da Jai Alaitik larunbatean. Beraz, irrati bidez ere aditzen ahalko duzue 2026ko Xilaba Bertsolari Txapelketako finala.