Hogei bat lagunek Irungo eta Hendaiaren arteko Santiago zubia moztu dute gaur eguerdian, ordu erdiz bi norabideetako trafikoa etenaz. Protestan, baserritarren duintasuna eta pestizidarik gabeko nekazaritza eredua aldarrikatu dituzte, “Baserri iraunkorra, bizitza duina” eta “pestizidarik gabe askoz hobe” bezalako oihuekin.
Ekintza hau Mercosur itunaren aurkako protesta egunaren barruan kokatzen da. Antolatzaileen arabera, itun horrek tokiko nekazaritzari eta elikadura burujabetzari kalte larriak eragin diezazkioke, ekoizpen industrialaren eta pestiziden erabileraren mesedetan. Horregatik, Lapurdi eta Gipuzkoa lotzen dituen Santiago zubia hautatu dute aldarrikapenerako gune sinboliko gisa.