Maddi Ane Txoperenak irabazi zuen 2026ko Xilabako bertso finala, Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan. Hiru hendaiar ziren, eta hiruen artekoa izan da lehia. Azken buruz burukora Maddi Ane Txoperena eta Maddalen Arzallus sailkatu baitziren, nahiz eta Miren Artetxek ere Arzallusen puntu berdinak erdietsi. Azkenean Txoperenak 1.132 puntu eskuratu zituen, hiru orenez bertsotan aritu ondotik, eta Arzallusek 1.106.
Txoperenak azaldu du «aski gustura» gelditu dela, eta ongi ikusi duela bere burua. Sailkapenean, hirugarren tokian Miren Artetxe sailkatu zen, eta penaz amaitu zuen buruz burukora ez sailkatzeagatik, «esperantza banuen barruan izaiteko, baina txapelketa horrela da», esan du. Maddalen Arzallusek bere partetik, txapelketan ondo hasi eta okerrago amaitu zuela aitortu du. «Ez da erraza izan, biziki kontent hasi naiz baina gorabeherak izan ditut, behera gehiago gora baino. Baina ez denean irabazten ikasten da», azaldu du Euskal irratietan.
Gainerakoak, Aitor Servier laugarren, bosgarren Irantzu Idoate eta seigarren Elixabet Etxandi amaitu dute Xilabako bertso finala. Etxandi izan ezik, bertze bostak Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketa Nagusirako sailkatu dira.
Irudia: BERTSULARIEN LAGUNAK