Hendaiako Recycl'Arte elkarteak 60 urtetik gorako pertsonentzat bizikletan ibiltzeko ikastaldia antolatu du. Otsailaren 23tik martxoaren 20ra bitartean (10:00etatik 12:00etara) 2 oreneko 8 saio proposatzen dituzte urririk Bidasoko ordokian (Tribord ondoan), eta argitu dutenez parte-hartzaileek beren bizikleta ekar dezakete edo bertan maileguz hartu.
Ikastaroaren helburua adineko pertsonek berriz bizikletan ibiltzera animatzea da, eta horretarako saioak bakoitzaren mailara egokituko dituzte, baita aspaldi bizikletan ibili ez direnentzat ere. Izan ere, "konfiantza berriz hartzea, ohitura berrietara egokitzea eta espazio publikoan lasai ibili" daitezen nahi du elkarteak.
Antolatutako saioetan trebetasuna eta maniobragarritasun ariketak egingo dituzte, arau eta jokabide egokiak gogoratuko dituzte eta, bizikletan konfiantza berriz hartutakoan, ibilaldi gidatuak egingo dituzte. Era berean, txirrindola elektrikoak probatuko dituzte.
Tokiak mugatuak dira, eta izena emateko edo informazio gehiago behar izanez gero, 07 81 94 12 69 telefonora deituz edo posta elektronikoz egin daiteke helbide honetan: animation@recyclarte.org