Bihar hasiko da Bakarka Taulan sortzaile bakarlarien jaialdia Mendizolan kulturgunean, eta lau egunez lau ikusgarri hartuko ditu, musika eta antzerkia nahasiz. Antzerkiaren Maiatzarekin batera, urtarrilean abiatu zen Hendaiako kultura denboraldiko bi momentu indartsuetako bat da, Euskal Herriko eta kanpoko oholtzako arteen erakusleiho.
Jaialdiaren egitarau osoa sarean ikus badaiteke, denboraldi osoan euskarazko programazioa bermatzeko egin duten lana azpimarratu du Antxeta Irratian Nara Perez Rivas Mendizolaneko arduradunak. Hala, ostiral honetan Pauline Junquet kantari lapurtarraren kontzertua izanen da, otsailaren 27an egonaldi artistikotik aterako den Bitsa konpainia gasteiztarraren Ni errekadista nintzen antzezlana izanen da, martxoaren 24an Mouka Kia konpainia ahurtiarraren Hasian hasi objektu antzerkia, eta hilabete bereko 27an Tapia eta Leturiaren kontzertua, Gaztelu aretoan.
Martxoaren 29an, Axut! kolektibo hendaiarrak eta Artedramako bizkaitarrek Euskal Herri osoan aurkeztu duten Nor naizen baneki antzezlanaren azken eszenaratzea izanen da Mendi Zolan. Dantza eta musika ikusgarriek ere lekurik izanen dute, apirilaren 4an Dab dantza konpainia donostiarraren Azala ikusgarria izanen baita. Maiatzaren 5ean berriz, Jurgi Ekizak udazkenean argitaratu zuen Argitzala diskaren aurkezpen kontzertua eskainiko du.
Hauez gain, iaz lau hamarkada bete zituen Antzerkiaren Maiatzaren 41. edizioa maiatzaren 21etik 24ra eginen da aurten, eta honen programazioa ixten ari da herriko etxea.
Ikusgarri guztiei buruzko xehetasun gehiago eta sartzeak erreserbatzeko, hendaye-culture.fr webgunera jotzearekin aski da.