2 hilabeteko alabaren heriotza bortizki eragiteagatik epaitu du Paueko auzitegiak Hendaiako bikote bat

Antxeta Irratia 2026ko otsailaren 12a

2023ko urtarrilaren 18an Bordeleko ospitalean hil zen 2 hilabeteko Effie izeneko neskatila indarkeria zantzu garbiekin. Ume hendaiarraren gurasoentzat 30 urteko kartzela zigorra galdegin du fiskaltzak. Paueko Auzitegian epaitu dituzte, eta otsailaren 13an jakinaraziko dute epaia. Familia 10 metro koadroko logela batean baldintza prekarioetan bizitzeaz gain, ikerketa judizialak eta medikuek egiaztatu dute aitak umea kolpatzen zuela, eta hematomak, hezurren hausturak eta elikadura eskasia pairatzen zuela.

30 urteko kartzela zigorra eskatu dute Hendaiako bikote batentzat, euren bi hilabeteko alabaren heriotzaren ondorioz, ohiko indarkeriagatik salatuta. Effie izeneko haurra 2022ko azaroaren 16an jaio zen, eta 2023ko urtarrilaren 18an Bordeleko ospitalean hil zen. Paueko auzitegian (asisetan) auzitara eraman dituzte otsailaren 11tik aurrera. Eta otsailaren 13an epaia ebatziko dute. 

Haurraren heriotzaren nondik norakoak argitu nahi ditu Pirinio Atlantikoetako epaitegiak. Samuel, 25 urteko baionarra eta Mairi, 21 urteko donostiarra, haien Effie txikiaren heriotza bortitzagatik erantzule izatea leporatzen diete. Bikote honek azalpenak eman behar izan ditu haurrari heriotza nahigabe eragin ziotelako, eta arriskuan dagoen haur bati ez laguntzeagatik. 

2023ko urtarrilaren 18an Bordeleko Pellegrin ospitaleko gizarte zerbitzuak abisua bidali zioten Baionako Herri Fiskaltzari, bi hilabeteko neskatila bat Baionako Larrialdi Zerbitzutik Bordeleko pediatria zerbitzura bideratu zutenean. Effien haurraren egoera larria zen ospitalera iritsi zenean, eta bere egoera neurologikoagatik medikuek «haurraren heriotza luzatu ez zedin» tratamenduarekin ez jarraitzea erabaki zuten. Medikuek hematomak, hezurren hausturak eta elikadura eskasia egiaztatu zituzten. Eta horren ondorioz, polizia judizialak ikerketa hasi zuen.

Familiaren bizitokian, Hendaiako Behobiko bidean egindako miaketan, osasun egoera kaxkarretan zegoen 10 metro koadroko logela batean, baldintza prekarioetan bizi zirela argitu zuten. Zikinkeria, katuaren txiza mahai gainean eta animaliaren janaria bazterretan aurkitzeaz gain, marihuana belarra ere atzeman zuten. Ikertzaileek bikotea atxilotu egin zuten. Eta poliziak amaren telefono mugikorrean atzeman zituen argazkietan, aitak haurra kolpatu, ukabilarekin mehatxatu, masailak estutzen zituela baieztatu ahal izan zuten, baita bi hilabeteko umeari ahoan kanabisa jarri ziotela ere. Aurpegiko hematomak, aldiz, txupetearen ondorioz eginak zirela deklaratu zuen amak. Bestalde, telefonoan bildutako mezuek agerian utzi zuten aitaren jokamolde biolentoa. Mezu bortitz anitz atzeman zituzten, adibidez: "putain ferme lui sa gueule, on l'a taquet entendu".

Akusatuentzat 30 urteko kartzela zigorra galdegin du fiskaltzak, eta otsailaren 13an jakinaraziko du epaia. Aitaren defentsa Sandrine Larié abokatuak daraman bitartean, amaren defentsa Cloé Irigoin-Carricaburuk egin du epaiketan. Biak Baionako abokatu penalistak dira.