Bizikleta eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko konpromisoa galdegin die Hendaia Vélok hauteskundeetako hautagaiei

Koldo Nausia 2026ko otsailaren 16a

Martxoko udal hauteskunde kanpainaren karietara, Hendaia Vélo kolektiboak hautagaiei dei egin die bizikleta eta oinez ibiltzea sustatzen duten azpiegitura proiektuen ezarpena bizkortzeko konpromisoak har ditzaten. Frantziako Bizikleta Erabiltzaileen Federazioak (FUB) proposatutako Bizikletaren Gutuna sinatzera gonbidatzen ditu.

Hendaia Velo kolektiboak mugikortasun aktibo eta jasangarriaren aldeko bizilagunak biltzen ditu. Eta 2020az geroztik, hautetsiak ohartarazi ditu adin guztietako txirrindularien segurtasuna bermatzeko bizikleta bideen faltaz, espaloien estutasunaz eta herrian oinezkoentzako pasabideen gabeziaz ere.
 
Agintaldi honetan egin diren urratsak baikorki baloratzen ditu Hendaia Vélok. Errepublika plaza oinezko bihurtzea eta azken urteotan egindako mugikortasun azterketa ezberdinak aurrerapauso bat direla pentsatzen du. Hala nola, Hendaiako trafiko plana, bizikleta gidariaren plana eta auzoetako trafikoa baretzeko ikerketak. 2026 honetan hiriguneko bide gehienak 30 eremu bilakatu izana ere, jauzi bat direla aditzera eman dute. Baina neurri hauek lehen urratsa besterik ez dira haien ustez. "Orain ekintza zehatzetara pasatzeko garaia da, ikerketa hauetan inbertitutako funts publikoak aldaketaren katalizatzaile bihur daitezen", argitu dute ohar baten bidez.
 
Kolektiboak plazaratu duen agirian, martxoak 15 eta 22ko hauteskundeei begira, hautagaiei eta etorkizuneko hautetsiei dei egin die hiri jasangarriago bat eraikitzeko lidergoa har dezaten, eta "ausart izatera". Hirigune bizia, elkarri lotutako auzoak, aire garbiagoa, zarata gutxiago eta oinezko zein txirrinda erabiltzaileen segurtasuna aldarrikatzen dute.
 
Hautagai politikoei beren konpromisoa erakutsi dezaten, Hendaia Velo kolektiboak, Frantziako Bizikleta Erabiltzaileen Federazioak (FUB) proposatutako Bizikletaren Gutuna sinatzera gonbidatzen ditu. Argitu dutenez, gutun honek hautagaiak mugikortasun aktiboaren garapena sustatzeko neurri zehatzak hartzera konprometitzen ditu: bizikleta azpiegiturak segurtatzeko, bizikleta bideen sarea osatzeko, aparkaleku egokiak eskaintzeko, mugikortasunari buruz heziketa lantzeko eta espazio publikoak lasaitu eta zirkulazioa eztitzeko politikak sustatzeko konpromisoa, hain zuzen.
 
Hendaian asko hobetzeko dagoela oroitarazi du kolektiboak. Eta hori irudikatzeko, 2025eko Txirrindularitza Barometroan, Frantziako 
Bizikleta Erabiltzaileen Federazioak osatutako estatu mailako inkesta handi baten parte izan da Hemdaia, bertako 121 bizikleta erabiltzaileri 2019-2021 urteetan egindako segurtasunari eta erosotasunari buruzko galdetegi batekin. Erabiltzaileen pertzepzioak ebaluatzen ditu. Eta Hendaiaren kasuan, egoeraren ebaluazioa neurtzeko G eta A+ kategoriak aintzat hartuta, bizikleta eta oinezkoen segurtasunaren nota orokorra D mailan kokatzen da, (erdibidekoa).
 
2019 urtetik oro har %17ko hobekuntza baloratzen bada ere, bide nagusietako segurtasuna eta haurrak bizikletan ibiltzeko baldintzak F batekin baloratzen dute (oso kaxkarra). Hobeki baloratzen dira, aldiz, bizikleta aparkalekuak (C) eta bizikleta bideen erosotasuna (C).
 
OHARRA: Hautagai-zerrendak karta hau sinatzera gonbidatu ditu Hendaia Velok:
https://municipales2026.fub.fr/