Itsas-hegaztien lehorreratze masiboaren aurrean laguntza eskatu du Hegalaldia fauna basatiaren zaintza zentroak

Antxeta Irratia 2026ko otsailaren 17a

Ekaitzen segidak lanperna-musu atlantikoen lehorreratze masiboa eragin du Lapurdiko kostaldean otsailaren 12az geroztik. Hegalaldia zentroak halako 300 hegazti jaso ditu dagoeneko, eta diru bilketa herrikoia antolatu du itsas-hegazti hauen salbatzeko gastuak estaltzeko. Beste hegazti anitz hilda iristen ari dira, eta Hendaiako herriko etxeak oroitarazi du, hildakoak bertan utzi behar direla. Era berean, hondartzan txakurrak debekatuak daude, bertan bildu daitezkeen hegazti ahulduengan kalte gehigarriak eragin baititzakete.

Hegalaldia elkarteak aditzera eman duenez, ekaitzen segidak gure kostaldean hegaztien lehorreratze masiboa eragin du azken egun hauetan. Batik bat (Macareux moines) delako lanperna-musu atlantikoa da kaltetua. Agertu diren anitz oso ahulduak eta batzuk hilak heltzen ari dira. Eta joan den otsailaren 12an Uztaritzeko Hegalaldia fauna basatiaren zaintza zentroak informazioa zabaldu bazuen, asteburu honetatik goiti, Abadia eremuko CPIE-IEZI Euskal Itsasbazterreko kontserbatorioko zaindarien taldea ere lanean ari da, udal zerbitzuetako langileekin batera, Hendaiako hondartzan eta kostaldean biltzen diren hegaztiak biltzen. Bizirik daudenak Hegalaldira zentrora eramaten dituzte, eta Hendaian, Irandatzeko Hegal Zabal klinika ere da partaidea.

Hendaiako herriko etxeak argitu duenez, zoritxarrez, hegazti hilak ere biltzen ari dira. Hau kontuan hartuta, Hendaiako herriko etxeak hondartzan txakurrak debekatuak daudela oroitarazi du, bertan bildu daitezkeen hegazti ahulduengan kalte gehigarriak eragin baititzakete. Era berean, hildako hegaztiak bertan utzi behar direla argitu dute, udal zerbitzuek bilduko baitituzte. Hala ere, oraindik bizirik dagoen hegaztiren bat topatuz gero, Hegalaldia elkartearekin harremanetan jartzeko eskatu dute, honako telefonoetan: 05 59 43 08 51 edo 0676 83 13 31.

Diru bilketa kanpaina

Alde horretatik, Hegalaldia elkarteak sareetan informatu duenez, azken egunetan halako ia 300 hegazti hartu dituzte zentroan. Eta hauek zaintzeko gaitasunak dituzten arren, baliabideak falta zaizkie. Izan ere, itsas hegaztiek ekipamendu berezia behar dute, batez ere haien hankak delikatuak direlako eta estankotasun beharrei dagokionez neurri bereziak hartu behar direlako. Behealdeko aireztapenarekin, lurretik altxatutako eta aireztatutako oinarri leun batekin egon eta gunea berotzea behar dute, honek suposatzen duen argindar gastuarekin. Gainera, hegazti hauen elikadura berezia da, arrain eta itsaski espezie zehatz batzuk bereziki. Hau guztia garestia da oso. Elkartetik argitu dutenez, hegazti bakoitza salbatzearen kostua 300 eurokoa da.

Hau dela eta, egoerari aurre egiteko helburuarekin diru bilketa herrikoi baten kanpaina abiatu dute Interneten (hemen egin daitezke ekarpenak). Ordu gutxiren buruan 26.000 euro bildu dituzte, baina laguntza emateko deia luzatu dute oraindik, dohaintzak zerga murrizketa bat jasotzeko aukera ematen duela gogoratuz.