Iruzur alerta zabaldu zuten aparkatze isunak egiazkoak direla argitu du Hendaiako Herriko Etxeak

Aimar Lopez 2026ko otsailaren 20a

Azken astean sare sozialetan eta mezularitza bidez Irun eta Hondarribiko hainbat herritarrek jaso duten Hendaiako isuna egiazkoa da, eta ez, Ertzaintzak, hainbat mediok eta erakundek iragarri zuten bezala iruzurra.

Egiari zor, ez du oso egiazko itxura gutunak: Madrilgo ML International abokatu kabinetearen eta Hendaiako Herriko Etxearen logo zahar bat daramatza buruan, eta ordaindu gabeko 31 euroko aparkatze isun batengatik 81 euro eskatzen ditu, QR kode baten bidez ordaintzekoak.

Azken egunetan halakoak iritsi dira Irun, Hondarribia eta Hego Euskal Herriko hainbat postontzitara, eta gutunaren itxura faltsuak batetik, eta Hendaiako aparkatze isunak orain arte Hegoaldeko autoen jabeei ez iritsi izanak bertzetik, iruzur alertak piztu zituen. Eta konfirmazioa ere izan zuen iruzur alertak, atzo, ohar bidez, Ertzaintzak Bidasoaldean iruzur saiakerak egiten ari zirela agertarazi baitzuen.

Antxeta Irratiak asteazken eguerdian eskatu zion Hendaiako Herriko Etxeari konfirmazioa, entzule baten eskutik ohar bat jaso eta gero, desinformazioari aurre egiteko ditugun protokoloek zehazten duten moduan. Bada, gaur arratsalde hastapenean azaldu du Hendaiako Herriko Etxeak isunak egiazkoak direla, eta CARE enpresa espezializatuarekin hasi duten elkarlan berriaren fruitu direla.

2018az geroztik Frantziar matrikulazioa ez zuten ibilgailuei 2.200 isun jarri dizkiete Hendaiako bide segurtasuneko agenteek, eta diru hori biltzen hasi da orain Herriko Etxea, isunak ordaintzeko eperik ez baita.

Isunak 31 eurokoak dira, Hendaiako Herriko Etxeak FPS Aparkatze-ondoko sariagatik ezarririko neurrikoak. Alta, ML International etxeak 50 euroko kudeaketa gastuak kobratzen dizkio isuna jaso duenari; isuna baina prezio handiagoa.